enekoitz telleria sarriegi
ANALISIA

Esperpentoa

2015eko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Berezitasunak denetan ikusi dituela, baina Euskal Herriko kasuari dagozkion hainbat ezaugarri «esperpentikoak» iruditzen zaizkiola. Vicenç Fisasek zioen atzo gurean. Eta 30 urte daramatza Vicenç Fisasek gatazka politikoak eta desarmatze prozesuak ikertzen. Bakearen Kulturaren aldeko eskolako zuzendaria da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Bai, Bakearen Kulturaren aldeko eskola bat bada. Eta zuzendariak euskal auzian ezaugarri «esperpentikoak» topatu ditu.

Madrilgo Katu Kale hartan, bere pertsonaiak ispilu desitxuratzaileen aurrean jarrita hitza eta adiera bera sortu zituenetik jakingo balu Ramon del Valle Inclan jaunak zenbaterainoko bazka eman duen esperpentoak egoera eta jarrera politikoak izendatzeko eta azaltzen saiatzeko... Eta jakingo balu literaturako gure irakasleak, berak horrenbesteko pasioz irakatsitako Luces de Bohemia-k egingo zigula argi ulertu ezinaren ilunpean... akordatuko ginela Max Estrella poeta itsuaz, Pica Lagartosen tabernaz, Zaratustraren dendaz, Gobernazio Ministerioko kalabozoez, Maura ministroaz, tirokatutako grebalariez, Ruben Dario poetaz, Bradomingo markesaz, Alhucemaskoaz, eta Don Latino Hispaliskoaz... Baina akordatuko ginela, batez ere, Katu Kaleko ispilu ahurrez eta errealitatearen desitxuratze irrigarriez.

ETAren desarmatze prozesuak Katu Kaleko ispilu desitxuratzaileen aurrean jarrita darama urtebete. Ezin liteke bestela ulertu. Vicenç Fisasek: «Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak agerraldiaren ostean Auzitegi Nazionalean deklaratzen... hura esperpentikoa izan zen. Inon sekula ez dut halakorik ikusi. 30 urte daramatzat bake prozesuak ikertzen. Horregatik diot interes handia dagoela ezer ez mugitzeko, dagoenean uzteko dena». Brian Currin Nazioarteko Harremanetarako Taldeko burua: «Irudika al dezakezue Kofi Annan, NBEko idazkari nagusi ohia, Frantziara modu sekretuan sartzen eta etakideak hura lekuren batera eramaten, zuloren bat zigilatzeko, gobernuen babesik gabe?». Raymond Kendall Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea: «Nori eman behar dizkio armak ETAk? ETAk armak entrega ditzake atzetik poliziak baditu?». Ram Manikkalingam Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeko zuzendaria: «Ez da existitzen, munduan ez dago aurrekaririk, talde terrorista bat, 50 urteko historiarekin, alde bakartasunez armak, munizioak eta lehergailuak erabileratik kanpo uzteko prest dagoena, eta erakunde formaletatik baiezkorik jasotzen ez duena». Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea: «Zergatik egin behar dut nik zerbait?». Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria: «Diskretua izango naiz zerbait zehatza egon arte».

ETAren desarmatze prozesuak Katu Kaleko ispilu desitxuratzaileen aurrean jarrita darama urtebete. Ezin liteke bestela ulertu. Egiaztatzaileak direnei ez zaielako egiaztatzailetzarik onartzen eta aitortzen, bitartekari direnei ez zaielako bitartekaritzarik onartzen eta aitortzen. Eta egiaztatzailetza eta bitartekaritza onartu eta aitortu zietenek haiek alboratu eta euren egiaztatzailetza eta bitartekaritza propioa eskaini zutelako gero, oraindik askori ulertzea eta barneratzea zail egiten zaien mugimendu malabaristikoan.

ETAren desarmatze prozesuak Katu Kaleko ispilu desitxuratzaileen aurrean jarrita darama urtebete. Ezin da bestela ulertu. Alde bakarreko urratsak alde bakarrean gelditzen direlako iragarrita bai, baina egin, berretsi eta baliorik eman ezinda. Eta alde bakarraren bestaldea erosoago islatzen delako ispilu ahurretan eta lasaiago mugitzen delako desitxuratutako errealitateetan.

Eta bitartean, denok, Katu Kalean bueltaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.