JEAN JACQUES LASSERRE
Hautetsien Kontseiluko Presidentea«Adostasun zabala erdietsi dugu lurralde elkargoaren aldarriaren inguruan»
Manifestazioan izateko arrazoiak oinarrizkoak dira Lasserren iritziz. «Bada hilabeteak, urteak ari garela Euskal Herriaren aitorpen instituzionala eskatzen eta uste dut adostasun zabala erdietsi dugula eskumen bereziak dituzkeen lurralde elkargoaren inguruan». Hautetsien Kontseiluak, Garapen Kontseiluak eta, oro har, Ipar Euskal Herriko gizarte zibilak egitasmoa bururaino landu dutela nabarmendu du. Lurralde elkargoa aldarrikatzen dugu, eskumen bereziekin. Ez soilik departamendu bat, horrek ez lukeelako deusetarako balio».
Manuel Valls Frantziako Barne ministroak duela hiru egun itxi zizkion ateak proposamen horri. Frantziako presidenteak, gobernamenduak, iritzia alda dezaketela dio Lasserrek, esperantzarako zirrikitua ikusi nahirik. «Abian ezarri dugun ildo hau aktiboki bultzatu behar dugu. Hori da Vallsi eman diezaiokegun erantzunik egokiena. Ez du deus ulertu». Euskal Herrian edo Parisen, xedea azaltzeko eta Vallsekin biltzeko prestasuna adierazi du.
MAX BRISSON
Kontseilari Nagusia, UMP«Zoritxarrez, gobernuak ezezko sistematikoa helarazten digu, gure arrazoiak entzun gabe»
Ezkerretik eskuinera, abertzaleetatik sindikalistetara, lurralde elkargoaren aldarriak erdietsi duen adostasun zabala azpimarratu du Brissonek. Frantziak egin nahi duen lurralde erreformari eman dakiokeen erantzunik egokiena dela dio. «Zoritxarrez, gobernuak ezezko sistematikoa helarazten digu, entzun gabe gure arrazoiak». Frantziako Gobernuari leporatzen dio ukazioaren logikara lerrokatzea. «Vallsen erantzuna probokazio hutsa da, Euskal Herriak hilabete luzeetan garatu den gogoeta sakonari egindako mespretxua».
FREDERIQUE ESPAGNAC
Frantziako senataria, PS«Urratsak egin behar dira Euskal Herriaren aitorpen instituzionalaren ildoan»
Manifestaziora deitzeko adostasuna nabarmendu du Espagnac-ek. «Uste dut urratsak egin behar direla Euskal Herriaren aitorpen instituzionalaren ildoan». Helburua lortzeko, herritar ororen mobilizazioa funtsezkoa dela dio. Goratzarre egin die alde agertu diren Ipar Euskal Herriko 104 auzapezei. Gogoan du Valls alderdikidearen ezezko borobila. Hala ere, aldarriaren alde indarrak bildu eta borrokatu behar dela dio. Lurralde elkargorik ez dela izanen jakinik, ezagutza instituzionalaren ildoan urratsak egitea eta aitorpena lortu behar dela dio. «Ipar Euskal Herriak bere tokia atzeman behar du Frantziako legean eta horretarako aitorpen instituzionala behar du.».
KOTTE EZENARRO
Kontseilu Nagusiko presidenteordea«Gure mobilizazioa Barne ministroak erakutsi digun mespretxuaren heinekoa da»
«Milaka herritar bildu gara Lurralde Elkargoaren alde, eta espero dut gure mobilizazioa Barne ministroak erakutsi digun mespretxuaren heinekoa izanen dela». Aldarriak Frantziako legeak oro errespetatzen dituela azpimarratu du. «Xedea sinesgarria da, eta horren alde borrokatuko gara».
MARTINE BISAUTA
Batera plataformako kidea«Atxikimendua ukaezina da, eta Parisek entzun beharko du herri hau erraten ari dena»
Hilabeteotako dinamikaren une garrantzitsua izan da manifestazioa. «Herri honek aldarriari adierazi dion atxikimendua ukaezina da, eta Parisek entzun beharko du Euskal Herria erraten ari dena». Vallsen ezezkoari garrantzia kendu dio, gogoratuz lurralde antolaketa ez dela Barne ministroaren eskumena, baizik eta Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroarena. «Vallsek hastapenetik dio ezetz, baina haren hitzek argi erakusten dute ez dakiela zertaz ari den mintzatzen». Frantziako presidenteari erantzun zehatza emateko eskatzen dio. «Galtzen diren borroka bakarrak egiten ez direnak dira».
XABI LARRALDE
Sorturen bozeramalea«Bada garaia Euskal Herria ezagutua eta errespetatua izateko; arrazoia garbia da»
Larraldek hitz lauz azaldu du Baionako manifestazioaren arrazoia. «Bada garaia Euskal Herria ezagutua eta errespetatua izan dadin, arrazoia garbia da». Manifestazioak adierazten duen adostasun eta zabaltasunaren aitzinean, Parisek entzutea baino bertze biderik ez duela dio.
Vallsen hitzen garrantziari buruzko zalantzak adierazi ditu, nabarmenduz gobernuaren baitan ministroak ez direla beti ados. Hala ere, aitorpenaren aldeko borrokak segituko duela erran du, «hemen herri baten biziraupena dagoelako jokoan». Ezezkoaren gibelean defizit demokratiko handia eta mespretxu izugarria gordetzen direla azpimarratu du. Vallsen hitzak baieztatu eta ezezkoa berresten badu Frantziako Gobernuak, Ipar Euskal Herriaren aitorpenaren aldeko indar harreman handiagoak artikulatu beharko direla dio.
ALAIN IRIART
Kontseilari nagusia, Hiriburuko auzapeza«Egun, euskal herritarrek frogatu dugu prest gaudela urrats hori obratzeko»
Aspalditik Ipar Euskal Herriak berezko instituzio bat eskatzen duela gogoratu du Iriartek. «Egun, euskal herritarrek frogatu dugu, ikusmolde politiko askotarikoak bilduz, prest gaudela urrats hori obratzeko». Eraiki den adostasun zabalaren aitzinean, Parisek aldarria entzun eta onartu beharko duela dio. Vallsen hitzek esperantza ez dutela itotzen azaldu du. «Vallsek Errepublikaren kontra goazela dio, baina errealitatea da nahikeria bat badela, bai Iparraldean bai Euskal Herri osoan, eta herritarrek zerbait egin nahi dutela elkarrekin, beren geroaren jabe izateko». Indarra begi bistakoa dela dio.