Pastor
DARWIN ETA GU

Gandhi eta apaizkeriak

2017ko ekainaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Antonio Franco kazetariak elkarrizketa bat eskaini zion Vilaweb hedabide katalanari, ekainaren hasieran. El Periódico de Catalunya egunkariko zuzendari ohiak biolentzia izan zuen hizpide, besteak beste: «Indarkeria aztertzen ari naiz. Ideiak argi ez baditut, ez dut ezer azalduko. Baina, adibidez, Gandhiri buruz hitz egin nahi dut. Zeren eta Gandhik zaplaztekoak eman zituen amaieran. Beti hitz egin dugu Gandhiri buruz eta klixe bat geratu zaigu, hil gabe irabazi zuela dioen klixea. Eta Indian hil egin zuten. Bestela, ingelesak han egongo lirateke oraindik».

Nelson Mandela. Gandhi. Mendebaldeko botereen diskurtso bakezaleak ikono horiek erabiltzen ditu besteen bortizkeriaren aurkako gurutzadan. Buruzagi eredugarri gisa aurkezten dizkigute, indarkeria beti eta beti baztertu zutenak. Gezurra. Mandelak argi hitz egin zuen biktima zibilei buruz bere biografian, kartzelatik irten ostean: «Zibilak hiltzea istripu tragikoa izan zen eta heriotza kopuru hark biziki hunkitu ninduen. Baina, hildako horiek asaldatzen ninduten arren, nik banekien istripu horiek borroka armatuari ekin izanaren ondorio saihetsezina zirela. Giza hutseginkortasuna gerraren alde bat da eta horren prezioa altua da beti». Eta gero: «Batzuetan, suari suaren bidez baizik ezin diozu erantzun».

Gure sakristiako kumeek Nelson Deuna bihurtu dute Mandela. Santu, besterik ezean bortizkeria erabiltzea proposatu zuena, horretaz inoiz ere damutu ez zena. Autokritika ondo dago eta beharrezkoa da. Etzi 30 urte beteko dira ETAren bonbak Hipercorren triskantza eragin zuenetik. Inoiz gertatu behar ez zena gertatu zen, inoiz egin behar ez zena egin zelako. Bartzelonako saltoki-gune batean zeuden zibil errugabeak izan ziren biktimak, ez Zisjordania okupatuan erosketak egiten ari ziren kolono armatuak. Autokritika, eragindako mina aitortu. Batzuek iragan oso-osoa gaitzestea nahi dute, baina. Soilik Euskal Herrian. Ez eskatu hemengoei Mandela zenari aurrez aurre eta begiei so eskatzera ausartuko ez zinetena. Koldarkeria. Arrazoia emango zeniokete Telesforo Monzoni: terroristari ateak irekitzen dizkiote, gerratik garaile etorriz gero. Good morning, Mr. Ambassador; bonjour, madame l'ambassadrice.

Gandhik hauxe idatzi zuen 1920an, Young India egunkarian: «Sinesten dut hautua soil-soilik koldarkeriaren eta biolentziaren artekoa denean... Nik biolentzia gomendatuko nuke. Nahiago nuke Indiak armak hartuko balitu bere ohorea defendatzeko, modu koldarrean bere ohore-galtzearen lekuko babesgabe bihurtu edo izatea baino. Baina sinesten dut indarkeria ezak indarkeriak baino balio infinituki askoz handiagoa duela». Indarkeria ez da bidea baina, batzuetan, une eta testuinguru historiko batzuetan... Zer pentsatzen dute gure apaizgaiek Mandela eta Gandhiren hitzei buruz?

Andrea Kucera kazetariak elkarrizketa bat eskatu zion Marcel Boillat jaunari, maiatzaren bukaeran. 60ko urteetan Jura Askatzeko Frontea (FLJ) sortu zuen Boillatek, Bernako kantonamendutik bereizteko. Armada, trenbide, banku eta besteren kontrako bonbak jarri zituen. Atxilotu egin zuten, baina 1967an kartzelatik ihes egin, eta Espainiara joan zen. Diktadurak babes politikoa eskaini zion. «Oraindik misterioa da zergatik Francok, euskal separatisten kontra gogor ari zenak, ez zuen Jurako militantea Suitzara estraditatu»; idatzi du Neue Zürcher Zeitung egunkariak.

1979an Suitzako 26. kantonamendua bihurtu zen Jura, Bernatik bereizita. FLJren borrokak horretan zenbat lagundu zuen eztabaidagai da oraindik. Egun Daimiel herrian bizi da Marcel Boillat, Gaztela-Mantxan. Martxoan bere biktima batekin elkartu zen, atentatutik 50 urte baino gehiago pasatu ondoren. Hala ere, harro dago egindakoaz: «Damutu? Sekula santan. Zorionak ematen dizkiot neure buruari». Andrea Kucerak elkarrizketa lotzeko Zurichetik deitu zionean haren egoera zibilari buruz galdetu zion 88 urteko gizonak: «C'est Mademoiselle ou Madame?». «C'est Madame, Monsieur».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.