Ezker abertzalearen alderdi berria. Estatutuen aurkezpena. Analisia

Garai berria, oinarri berriak

Pello Urzelai.
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Tamaina handiko pausoa eman du ezker abertzaleak. Bide politiko eta demokratikoen aldeko konpromisoa zalantzarik gabekoa izan dadin, ahalegin handia egin du. Nahiko muturreraino eraman du, aurreko garaietan izandako jokamoldeekin nolabait hautsita. Ziurrenik, berriro legezkoa izateko beharrak eraginda. BainaETAren indarkeria argiki errefusatzea posible egin bazaio, indarkeriarik gabeko ziklo baten aldeko apustu estrategikoa egin duelako izan da. Eta apustu horretan ETAren jarduera armatuaren etetea ekarri duelako. Behin indarkeria oro —ETArena barne— desagertzeko helburua jarrita, erabaki koherentea izan da garai berrirako oinarri berriak osatzea. Horregatik, alderdi berriak giza eskubideekin eta bide baketsuekin izan beharreko konpromisoak argia eta ezbairik gabekoa izan behar zuen. Hurrengo erronka antolakunde berria legeztatzea eta garatzea izango da, oinarri sozialaren barne kohesioa gordeta.

Legeztatzeari dagokionez, Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia betetzeko nahiko urrats egin direla da iritzi nagusia. Zapatero eta Rubalcaba ere nahiko zuhur mintzatu dira, eta, aurrekoetan ez bezala, ez dute adierazi ez dela nahikoa. Lehen erabakia Espainiakoa Gobernuari dagokio, haren esku baitago alderdi berria erregistratu edo ez. Baina badirudi erabakita daukala auzia epaileen esku uztea. Horretarako, Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari igorriko dizkie estatutuak —ikusi beharko da nolako txostenek lagunduta—, Rubalcabak iragarri duenez. Azkenean, alderdi berriaren erregistroa judizializatzen bada, Auzitegi Gorenak hartu beharko du erabakia. Eta denbora badu hauteskunde deialdia baino lehen hartzeko. Aukera guztiak hor daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.