martxelo otamendi
Analisia

Gure herriaren soldadua, baina ez berunezkoa

2013ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Atzo, Tolosan, Gure Esku Dago ekinbidea aurkeztu zen, eta ekitaldi horretan, zuk gustukoa zenuen terminologia erabalita, toloxar batzuen artean komentatu genuen gurekin egongo zinela aurkezpenean osasunak utzi balizu. Beti ematen zenuen baiezkoa horrelako proposamenak jasotzen zenituenean; kasu batzuetan, Josu Uribetxebarria preso gaixoaren kasuan bezala, konplikazioak ekar zitzakeela jakin arren.

«Euskararen Defentsa Ministerioa» deitzen zenion EITBri, sortzea horrenbeste kosta zitzaizun tresna horri ematen zenion garrantziaren erakusgarri. Helburu hura lortzeko, Txillardegirekin ehundu zenuen konplizitatea eredua da erakusteko orduan nola gauza litekeen desberdinen arteko elkarlana nora iritsi nahi den garbi daukatenean.

Hiztun aparta eta oparoa, beti zeneukan iradokizun bat, pasadizu bat, pertsona historiko baten aipua inguruan ginduzkazun gazte lotsagabeoi erakusteko. Diplomazia laketgarri daukagunontzat, estatuen historiaren ezagutza handiaren jabe,agortzen ez zen ezagutza jarioa zen zurea; beti, aztiek untxia bezala, ateratzen zenuen arreta pizten zigun istorio bat.

Askatasuna maite zenuen gure herriarentzat, eta baita zuretzat ere, ahoan bilorik gabe eta inoren menpeko diziplinarik gabe ematen zenuen iritzia, hala zure inguru politikoan, nola plataforma batera biltzeko gonbidapena egiten zizutenen aurrean. «Ez bazaio gustatzen, bere arazoa da, baina hori da nire iritzia», esaten zenuen askotan, askatasuna aldarrikatuz.

Beti eskertuko dizugu Euskaldun Egunkaria-ko langileok eta auzipetuok eskatu genizun aldiro eman zenigun elkartasun beroagatik. Itxi ondorengo ekitaldietan eta epaiketako gastuak ordaintzeko sortu zenuten diru biltzaileen taldean, lehen lerroan beti. Batari eta besteari deika jardun zenuen, dirua behar genuela eta emateko.

Aitzolen gainean Aranzadik egin berri duen dokumental argigarrian ikusi zintugun askok azkeneko aldiz. Aitzindari haiek marraztutako lorratzean abiatu zinen zu eta, zu bezala, beste asko. Abertzaletasun garaikidearen bidegileak joaten ari zarete amestu zenuten herri aske hura erabat libre ikusi gabe. Zure aurretik joan ziren Txillardegi eta beste batzuk, gu erreferentzietan, pixkanaka, umezurtz utziz.

Zuek lan handia egin duzue, asko aurreratu du abertzaletasunak zuen bultzadarekin, inoiz eduki duen gizarte presentzia handiena lortu du. Baina zuek bizitza oso bat dedikatu arren, herri hau ez da oraindik helburu horretara iritsi, hori ikusi eta gozatu gabe joan zarete.

Abertzaleen arteko elkarlanarenaldeko, min hartzen zenuen abertzaleak bereizi eta mokoka ikusten zenituenean. Modan dago esatea herri honetan Gerry Adams eta Nelson Mandela behar direla. Nago ni Labaien eta Txillardegi asko ere behar direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.