Karmelo Landa.
'Herriko tabernen' auzia. Erreakzioak. BAIETZ LIBRE

Herri honek libra gaitzala justizia espainiarretik!

2015eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Hamahiru urte luze eta gero, 35/02 sumarioa, edo herriko tabernen auzia ere deitu izan dena, heldu da Madrilgo Auzitegi Gorenera eta eman du honek bere ebazpena. Zer erabaki dute? Duela urtebete Audiencia Nacional deituan emandako zigor-sententzia errepikatzea, ukitu kosmetiko arin batzuk gehituta. Epaitegi goren hori baldin bada Justizia sistema espainiarraren gailurra, babes mota horretatik lehenbailehen urruntzea komeni zaigu, zalantza izpirik gabe, adiskideok.

Lehenago ere aritu gara hemen 35/02 sumario honen berri eskaintzen, eta epaiketaren bista Madrilen pairatzen genuen bitartean, bertatik bidali nituen hainbat kronika, zehaztasun ugari eskainiz. Gaur, beraz, azken ondorio gisa, Gorenaren epaiaren balorazio zehatza egitea litzateke naturalena. Zertan oinarritzen den, adibidez, gure herri asko eta askotako ehun eta zazpi herriko kultur elkarte, txoko, taberna eta antzeko konfiskatu eta estatu espainiarrari oparitzeko, edo nolatan zigortu gaituen kartzelaz eta kargu publikoetarako gaitasun gabetzeaz geure iritzi politikoak zabaltzeagatik, ezkerreko eta abertzale garelako, beste arrazoi edo motiborik izan gabe.

Hara zer gertatzen zaidan, baina: balorazio gaurkotu hori egiteko ezinean aurkitzen naiz, berez harrigarria den zerbait agertu zaigulako: Auzitegi Gorenak duela urtebeteko kirtenkeria antijuridikoa errepikatu besterik egin ez duelako. «Nola liteke?», esango du baten batek, sinetsi ezinik.

Halako zalantza agertzen duenari ez diot nik neure balorazio subjektiborik eskainiko, ez. Nahiago dut hiru datu zehatz objektibo eskaini, eta bakoitzak atera ditzala bere ondorioak Espainia horretako justizia sistemaren zuzentasunaz. Hara lehena: epaiketa egin ziguten bitartean, hiru epaile genituen parez pare, bata mahaiburua, bestea haren eskuinaldean denbora gehiena lozorroan eman zuen epaile bizarduna (ez da metafora, lagunok, konstatazio hutsa da, eta nire zigorkide gizajoak dira lekuko), eta hirugarren epailea, ezkerretara, epaiaren aurkako boto partikularra eman zuen emakumea, gu guztion absoluzioa eskatuz. Beraz, aritmetika hutsez, esan daiteke lotan zegoenak erabaki eta makurtu zuela epaia gure aurka.

Hor bigarren datua: epaitu aurretik atxilotu gintuztenean eta kartzelaldi prebentiboa luzatu, behin-behineko askatasuna eskatu nien helegitez, epaiketa egin artean. Hara erantzuna: «Zarautzen bizi zaren arren eta hiru alaba zure arduran izan, ez da berau libre uzteko motibo nahikoa (sic)». Sinetsiko didazue ez naizela sekula Zarautzen bizi izan, eta ez daukadala alabarik. Tira, justizia espainiarraren handitasuna ezin da detaile txiki horiekin nahasi, jakina.

Hirugarrena, aurreko biak bizi izan ondoren, ezingo dizuet ezkutatu augurio txartzat hartu nuela, Gorenaren epaia prestatzeko enkargua nori eta, Berdugo izeneko epaileari enkargatu ziotela jakin nuenean. Eta horrela etorri da, azkenean, azken epai hau, ekain honetan, behin eta betiko jazarpen politikoa zigor penala bihurtuz, horrela Inkisizio espainiarraren edo macarthismo amerikar haren edizio eguneratua burutuz.

Eta zer egin orduan? Libra gaitzala gure Herri honek Justizia espainiar horren atzaparretatik. Nik egin ditut kontuak, emandako kartzela zigorra baino denbora gehiago eduki naute jada kartzelan. Propina kartzelero eta epaile espainiarrentzat opari, baldin eta hemendik aurrera gutaz, euskaldun guztiez, ahazten badira. Eta igandean banoa San Mamesera, azken finean, gure esku dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.