PASAIAKO KANPO KAIA. INGURUMEN IRAUNKORTASUNERAKO TXOSTENA. ANALISIA

«Kritikoak»

inaki petxarroman
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Zintzotasuna erakutsi du Pasaiako Portuko Agintaritzak Jaizkibelgo itsaslabarretan egin nahi duten kanpoko portu berriak ingurumenean izango duen eraginaren inguruko iritzia ematerakoan. Alegia, eragin kritikoak izango dituela aitortu du, bueltarik gabekoak. Hain zuzen ere, aztertu dituzten 24 alorretatik seitan jo du eragina kritikotzat Portuko Agintaritzak. Alabaina, neurri zuzentzaileak aplikatuta, kritikotik larrira gutxituko du proiektuaren eragin orokorra, Portu Agintaritzaren arabera.

Hori, azken finean, trikimailu juridikoa da, zeren proiektuaren eragin orokorra kritikoa bada ezinezkoa da legez aurrera egitea. Larria bada, ordea, aurrera egin dezake. Baina kontua da ea nola aplika dakizkiokeen neurri zuzentzaileak eragin kritikoak eta konponezinak dituen proiektuari. Ezin da.

Espainiako Ingurumen Ministerioak agindu zionari erantzuten saiatu da Portu Agintaritza. Hau da, kanpoko portuaren aukera ez ezik, bestelako aukerak ere aztertu ditu. Baina bertsolari onaren moduan, amaierako erantzuna buruan zuela hasi du bertsoa Portu Agintaritzak. Kanpoko portu txikiagoa zen aukerarik onena bertsoa hasi aurretik, ingurumenaren aldetik eta ekonomikoki. Eta aukerarik onena izaten amaitu du bertsoa. Inor gutxik esperoko zuen bestelako amaierarik.

Zeren, txostena egin duen erakundearen aburuz, nahiz eta Jaizkibel Natura 2000 sarean interes komunitarioko leku (LIC) gisa agertu, haren ekosistema aberatsean kalteak egin beste aukerarik ez dago baldin eta barruko badia lehengoratu eta portuaren eraginkortasun ekonomikoa handitu nahi bada.

Baina bi kontu daude hor: batetik, 2028rako kanpoko kaiarekin 9,4 milioi tona inguruko trafikoak aurreikusten ditu Portuak. Konparazio baterako, gaur egungo portuaren ahalmena hori baino handiagoa da: 13,2 milioi tonakoa, portu eremuen erabileraren planak jasotzen duenez. Eta, bestetik, zergatik itxaron behar dute herritarrek Portuak ingurumena zaintzeko neurriak har ditzan kanpoko kaia egin arte? Nola da posible Portuak aitortzea bere egungo jarduerak eragin kaltegarriak dituela herritarren osasunean eta bizimoduan, eta ezer ez egitea horri aurre egiteko? Zergatik ez ditu ezartzen gaur egungo portuan kanpoko portuarentzat aurreikusten dituen neurri zuzentzaileak?

Ingurumen Iraunkortasunaren Txostenak ez ditu erantzun Espainiako Ingurumen Ministerioak mahai gainean jarritako galdera ugari. Eta beste zalantza bat du, gainera: eraikuntza kostuaren aurreikuspena 765 milioi eurokoa bada ere, obra hauenkostua asko garestitu ohi da hasi ondoren, itsasoaren bortitzak asko eragiten dielako. Coruñakokanpoko portua (Galizia), esaterako, 479 milioi eurotan eskaini zioten 2004an Dragados enpresari, eta 800 milioi euro gastatu dituzte jadanik. Gijonen ere, aurreikusi baino 200 milioi gehiago kostatu da obra orain arte. Bi horien kasuan Sustapen Ministerioaren eta Europaren diru laguntzak izan dituzte sustatzaileek. Pasaian ez dute ez Madrilen eta ez Bruselaren dirurik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.