Garikoitz Goikoetxea.
ANALISIA

Legearen mugak, dekretuen ezinak

2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroako administrazioan euskararen erabilera nola ezarri, dekretu berria izango da aurki indarrean. Gobernuak lehentasunezkotzat jotako aldaketetako bat da, 2003ko dekretu murriztailea ordezkatuko duena. Nafarroako Kontseiluak ebazpen bat eman du oraintsu, dekretuko atal batzuk auzitan jartzen dituena: batetik, lanpostu elebidunak sortzean ez dela kontuan hartu zonifikazioa; bestetik, legea urra dezakeela eremu mistoan eta ez-euskaldunean euskara meritutzat jotzeak. Kalapita berriro ere. Eta, oinarrian, arazo bera: Euskararen Legearen mugak. Zonifikazioaren eta ofizialtasunaren auzia.

Urtebeteko bidea izan du testu proposamenak, eta kritikak izan dira bidean. Batetik, gehiegizkotzat ikusi dutenenak —parlamentuko oposizioa eta sindikatu batzuk—: inposizioa, diskriminazioa eta horrelako argudioak dituzte. Bestetik, eskas jotzen dutenenak —euskalgintza eta sindikatu batzuk—: atzerapausoak izan direla bertsio batetik bestera, eta ez dela behar adinako pausoa. Uxue Barkos presidenteak aitortu du alde bateko kritikek funts gutxi dutela: «Zaila da gehiegiagatik kritikatzea». Eta bestekoek? «Konbentzituta lan egin behar dugu halako edozein aurrerapen ahalik eta era lasaienean egiteko».

Aurrerapausoa ekarriko du aldaketak. Ez da zaila. Bi datu aski dira kontuak egiteko. Bat: %0,9, postu publiko elebidunen ehunekoa —16.000 langiletik 150—. Bi: 0. Eremu ez-euskaldunean merituen balorazioan pisu hori dauka euskarak; ingelesak, frantsesak eta alemanak, 2 puntu. Areago, eremu mistoan bertan, EGArekin 1,38 puntu ematen dituzte meritu gisa, eta maila bereko titulua izanez gero atzerriko hizkuntzan, 2.

Eremu mistoko puntuazioa igo egin dute. Eremu ez-euskaldunean aintzat hartu dute: 2,73 puntu. Atzerriko hizkuntzek baino 0,73 gehiago. «Ia lotsagorritu egiten nau 0,73 puntu horiek defendatzen aritu behar izateak», adierazi zien Barkosek parlamentariei.

Atzetik doa dekretua: nahiz eta 150 izan lanpostu elebidunak, urteotan 3.500 bat langile igaro dira Euskarabidearen euskaltegitik, eta mila langilek baino gehiagok lortu dute B2 edo C1 maila. Haien ahaleginari eta gaitasunari bide emateko pauso bat da aldaketa. Euskararen legearekin ere hori gertatu da, Barkosen esanetan: atzetik doala. Euskaldunak gero eta gehiago dira Nafarroan —gazteen artean, laurdenak—, zonifikazioa «gainditu» da, baina indarrean da. «Nolatan joan da parlamentua gizartearen atzetik?».

Euskararen legea aldatu ezinik dago, ordea, laukoa. Horrek babesa emango lieke dekretuei eta bestelako neurriei. «Nik, argi, nahiago nukeen lege aldaketa; diferentzia asko saihestuko zituen», adierazi du Barkosek. Nafarroako Kontseiluaren ebazpena jakinda, antzera hitz egin zuen EH Bilduk: legea aldatu beharra dagoela urrats gehiago egiteko. Ez dute argi hitz egin Ahal Dugu-k eta Ezkerrak: «aztertzen» ari da lehena; bigarrenak ohartarazi du testu berria adostu arte ez dela aldaketarik izango. Sintomatikoa da Barkosek erabilitako aditza: zituen. Legealdi erdia igaroa da.

Dekretua izan da azkena. Hurrena, hezkuntzako zerrenda bakarra izango da. Han ere, oinarrian zonifikazioa eta ofizialtasuna daude. PSNko ordezkari Carlos Gimenok argi esan du zergatik ez duten jarrera bera Nafarroan eta Balearretan: «Nafarroan badira leku batzuk non euskara Salamancan bezain ofiziala den». Horra muga. Horma. Ezina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.