L1987ko udan Galesera joan ginen Garth, Mike, John eta laurok. Bidaiako lehenengo eguna Manchester aldean eman ondoren, Llangollenerantz abiatu ginen. Galesko paisaia berdea, garbia, idilikoa iruditzen zitzaidan, abere haiek ikusi nituen arte. «Zergatik dute ardi horiek marka gorri bat gorputzean?», galdetu nuen. «Txernobylgo erradioaktibitateak kutsatuta daude», erantzun zuen Garthek.
Ukrainako hondamendi nuklearretik ia mende laurden pasa bada ere, arazoa ez da konpondu. Haizeak milaka kilometrora, Gales iparralderaino, eraman zuen Txernobylgo erradioaktibitatea, eta euri bortitzak goiko larreetan utzi zuen. Pozoiak han segitzen du. Daily Post egunkariak horren berri eman zuen iazko udan (http://www.dailypost.co.uk/news/north-wales-news/2010/07/06/farmers-in-wales-still-stalked-by-chernobyl-55578-26791477/) Galesko 300 abeltzainek baino gehiagok ezin dituzte 180.000bildots saldu. Gobernuko funtzionarioek abereen erradioaktibitate maila neurtzen segitzen dute, bildotsak bazkan dabiltzan larreak oraindik ere kutsatuta daudelako. Glyn Robertsek, Galesko Nekazarien Elkarteko presidenteordeak, badaki haiena ezer gutxi dela Ukrainako egoeraren aldean: «Guretzat zama bat da, baina haientzat heriotza mehatxua. Gurea oso ordain txikia da haienarekin konparatuz gero».
Noiz arte egongo dira kutsatuta Galesko larre eta bildotsak? Noiz arte izango da Fukushima lur errea? Ez dut ulertzen Japoniako lurrikarak eta tsunamiak zentral nuklearrean eraginiko istripuaren harira hemengo botereak hedatu nahi izan duen mezua. Orain ez omen da unea zentral nuklearrei buruz mintzatzeko; emozioek ez omen digute laguntzen afera osotasunean eta modu egokian ulertzen. Lasai heldu behar zaio gaiari, antza; hoztu egin behar gara, bestela ez ditugu-eta ondo ulertuko orain hozteko eskatzen digutenek gero kaskoak berotzeraino errepikatuko diguten leloa: energia nuklearra beharrezkoa, garbia eta segurua dela.
Orain ez omen da eztabaidatzeko unea. Horixe nuklearren aldeko agerikoen eta ezkutukoen zinismoa. Orain ez bada, noiz da, ba? Ustezko segurtasuna erabiltzen dute, bai, argudio gisa, baina ezustekoren batek segurtasunaren ispilua birrintzen duenean, segituan alboratzen dute gaia. Inoiz lortuko ez den erabateko segurtasuna saltzeko neurrien berri ematen dutenean, badugu baimena gaia aztertzeko. Energia nuklearraren arriskuak gordin ageri direnean, ordea, aparkatu egin behar da auzia. Umeak bagina bezala tratatzen gaituzte. Burua hotz eduki behar omen da. Herri honetan erabaki asko, gehiegitxo, hartu dira bero-beroan egoera hotzean aztertu barik —gure egoera politikoari eragiten dioten ebazpenak datozkit gogora—.Erabaki horiek beroan bultzatu dituzten politikariak dira orain energia nuklearraren gaia hotzean aztertzeko eskatzen digutenak. Kopeta ederra gero!
1972an zentral nuklearra eraikitzen hasi ziren Zwentendorfen (Austria), Vienatik 32 kilometrora. Plantaren kontrakoek mugimendu handia eratu zuten. Protesta ekintza asko izan ziren,bederatzi amak Bruno Kreisky kantzilerraren egoitza instituzionalaren aurrean eginiko gose greba kasu. 1978n erreferenduma egin zuten Austrian: boto-emaileen %50,47k zentralaren kontra bozkatu zuten. Hortxe amaitu zen kontua. Lanak gelditu egin ziren. 2009an eguzki energia planta ireki zuten Zwentendorfen. Energia atomikoa ekoizteko zen eraikina energia naturala sortzeko tresna da egun.
Darwin eta gu
Llangollengo bildotsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu