joxerra senar
IRITZIA

Patxi Zamorarekin zorretan

2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Nafarroako aurrezki kutxari gertatukoaren gainean argia igorri nahirik, liburu bat idazteko abenturan murgildu nintzen 2013ko urtarrilean. Bi urte inguru behar izan nituen bide luze hori zeharkatzeko, eta hainbat aldiz heldu nintzen kale itsu batera, ez aurrera ez atzera egin ezinik. Blokeoa gainditzen lagundu nindutenetako bat izan zen Patxi Zamora. Ondo ezagutzen zuen ikerketaren zailtasuna, eta, inoiz, erruki aurpegiarekin ere begiratu ninduen. Egun haiek gogoan eta Patxi Zamorarekin dudan zorraren zati txiki bat bederen kitatu nahirik, hitzok idatzi nahi nituzke.

Euskal Herrian, ezagutzen dugu Guardia Zibilaren lorratza. Adibidez, Altsasuko gazteei eta euren senideei jazotakoaren aldean, batek baino gehiagok pentsa dezake Patxi Zamorari jazotakoa ez dela hainbesterako, baina halako alderatzeak arriskutsuak gerta daitezke. Kasu baten neurrigabekeriak ez lioke bestearen larritasunari itzal egin beharko. Kontuz elkartearen atzean lagun asko izan dira, baina guztien artean Zamorari egokitu zitzaion aurpegia emateko ardura. Eta ezer ez zegoen tokian Nafarroako zein Espainiako hainbat boteretsuren gehiegikeriak jendaurrean salatzeko, ikerketa zorrotzaz gain, adorea behar da. Kontuz berriz abiarazteko eskaera egin zioten egunean ezezkoa eman izan balu, buruko min franko aurreztuko zituen. Ziurrenik, ikuspegi pertsonal huts batetik, Patxi Zamorari askoz ere erosoago zitzaion bere lanean segitzea. Irabazteko baino galtzeko gehiago izan zezakeen, baina baiezkoa eman zuen, eta gainerako guztiak atera ginen irabazten. Egia ezkutatu nahi zutenak izan ezik.

Errazegi ahazten dugu dena. Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakari izatea eta Joseba Asiron Iruñeko alkate izatea normal-normal ikusten dugu orain. Baina aldaketa politikoa ekarri zuten arrazoi ugarien artean, Kontuz-en ekarpena funtsezkoa izan zen. Ondo daki hori UPNk. Jose Javier Esparzak duela bi aste esan zuen Kontuz-ek, eta beste batzuek «kontatutako gezur guztia» frogatuko dela. Zilegitasun politiko guztia du nahi duen analisi egiteko, baina autokritika falta horrekin erakusten du beste behin 2015ekoa ez dutela gainditu. Ironikoki, Esparza berak asko zor dio Kontuz-i. UPNko egungo buruzagien artean ez dago CANeko administrazio kontseiluan izan zen pertsonarik.

Kasu honen berri izatean oroitu nintzen Santiago Cerverarekin. Desberdintasunak desberdintasun, biak nabarmendu dira CANeko arduradun politiko eta ekonomikoen salaketa publikoan. Desberdintasunak desberdintasun, bien bidean gurutzatu da Guardia Zibila. Kasualitatea? Cerveraren aurkako epaiketa jarraitzea egokitu zitzaidan, eta gogoan dut epaiketan deklaratu zuen Iruñeko Guardia Zibileko teniente baten esaldi batek utzi zidan inpresioa. Jose Antonio Asiain CANeko presidenteari ustez xantaia egin ziona harrapatzeko antolaketaren arduraduna zen, eta amu gisa harresietan gezurrezko diruz betetako gutun azala jarri zuen. Alta, Cerverak harresietan diruaren ordez informazioa jasotzea espero zuen. Diruz edo informazioz betetako gutun azalek tamaina desberdina izan dezakete, eta, esaldi hartan, gutun azalaren tamainari erreferentzia oharkabe bat egin zion tenienteak. Ezin genuenez ezer grabatu, esku artetik ihes egiten duen uraren modura galdu zen esaldi hura. Susmoa piztu zidan ordea. Akaso huskeria bat baino ez da, baina jarraian gogoan dut Cerveraren deklarazioa. Aitortu zuen aste batzuk lehenago Madrilen atzetik segika izan zituela ezezagun batzuk, eta ordenagailua eta guzti lapurtu zioten. Argi dago Kongresuko PPko eledunari espioitza egitea ez dagoela herritar soil batzuen eskuetan.

Susmoak ke hutsa izan daitezke, jakina. Orduan, gogora etortzen zait Jordi Evole-ri Kataluniako fiskal nagusi ohi batek esandakoa: itoginen modura, demokraziaren lau botereak zipriztintzen eta baldintzatzen dituen bosgarren botere ikusezin bat dagoela besteen gainetik: botere ekonomikoa. Nafarroako Kutxan ezagunak dira politikari batzuek zein lurraldeko hainbat pertsona ezagunek kobratzen zituzten dietak, eta, ezjakintasunez edo ardura gabeziaz, beste aldera begiratzen zuten. Baina bene-benetan erabakiak hartzen zituztenak gutxi batzuk ziren. Eta jarraian burura datozkit pertsona horietako batzuen curriculumak: bata Espainiako Errege etxean eta Barne ministerioan ibilia, bestea PSOE eta PPren operazio ekonomikoetan murgildua, beste bat Nafarroako eraikuntza enpresen ordezkari, beste bat aurrezki kutxa bere negozioen zerbitzura jarriz... Eta guztiak administrazio kontseiluz kontseilu eta negozioz negozio, nafarren interesak beste interes batzuen zerbitzura jarriz, erabaki txarrengatik inongo ondoriorik ordaindu behar gabe. Gainerako herritarren gainetik baleude bezala. Benetako boterearen hariak ikusezinak izan daitezke, baina denon bizitzak baldintzatu ditzake. Aurrezki kutxen erreskatean galdutzat eman dira 40.000 milioi eurotik gora, eta nork erantzun du gaurdaino?

CAN auziak auzitegietan jarraitzen du, besteak beste Kontuz elkarteak egin zuelako salaketa. Ondorio politikoak izan ditu gainera. Eta horrek min egin die. Orain, norbaitek bere mendekua hartu nahi du, eta berriro hariak mugitu ditu. Horiei aurre egiteko, Patxi Zamora gehiago behar genituzke. Bizirik irauteko, demokrazia batek ezinbesteko du bere gainetik ibili nahi dutenek, batzuetan, zigorgabetasuna ken daitekeen mehatxua bederen sentitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.