Xabier Amuriza.
IRITZIA

Periko, betiko

2015eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Betiko Periko». «Periko, betiko». Beti bat eta bera izan zena. Garaien eta zirkunstantzien aldakuntza akzidentalak gorabehera, duela mende erdi bat ezagutu genuena eta orain agurtu gaituena pertsona eta pertsonaia berbera izan da. Betikoa, bakarra, irrepetiblea. Pertsonan ezagutu nuen baino lehenago, izen mitikoa zen. Baina mitiko lurtarra, meatzerrikoa, langile mugimenduan buruz behera sartua, larrua ere bertan uzteraino. Perikoren bizitza ia aszetika inhumanoraino inkarnatu zen meatzerrietan.

Derioko seminarioko itxialdia. Gogor izeneko apaiz-mugimenduaren ekintza sonatua. Periko lanean hasia zen, peoi, sotana eta guzti. Rontegi zubiak haren lorratzak, zainak, aldean daramatza. Goizean goiz joaten zen bere fianbrerarekin, «al tajo», eta iluntzean itzultzen itxialdira. Haren ilusioak eta kemenak beste guztiok pizten gintuen. Eta nolako umorea! Lehertzen ginen bere pasadizo eta kontakizunekin.

Zamorako espetxean, euskaraz ikasten gogor saiatu zen, baina esaten zuen: «Hau latina baino zailagoa da!». Eliz agintari handi bat kartzela konkordatarioa ikuskatzera etorri zenean, Perikok galdera bakarra egiten zion: «Ehun mila baino gehiago ala gutxiago?». Pezetak, alegia. Periko ekonomiatik neurtzen zuen agintarien gizatasuna. «Ehun milatik gora» bazen, jada ez zitzaion interesatzen zena zelakoak zer zioen.

Udal hauteskunde batzuetan aurkeztu zenean, deitu zidan esanez: «Pare bat bertso egin behar dizkidazu, neuk mitinean kantatzeko». «Pero que no sean demasiado buenos, para que puedan creer que los he hecho yo». Egin nizkion eta egunak eman zituen buruz ikasi ezinik. «No me entran en la cabeza». Hauexek izan ziren, ez «onegiak», baina bai, orduan eta orain, sentimendu osokoak, Periko Solabarria bezalako borrokalari bakan eta karismatikorik ez baitut ezagutu.

Zuen herria, gure herria

zuen-gure Barakaldo

Udaletxea herriratzeko

noiz aukera ederrago?

Ni naiz betiko Periko eta

betiko lekuan nago

betiko txapel lantsua eta

beti baino tenteago.

Badakizue nor naizen eta

nongo langilea naizen

ez dut osperik, dirurik edo

negoziorik bilatzen.

Esaiozue Barakaldori:

«Herritarrok bil gaitezen!

Perikok ez du goikorik maite

ez behekorik engainatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.