Maite Asensio Lozano.
Juan Manuel Escudero. Didaktika irakaslea

«Porrota sistemari edo subjektuari egozten zaio, baina erantzukizuna biena da»

2013ko otsailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Arkaikoa, sendotasunik gabea eta ideologikoegia» da LOMCE Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Espainiako Lege Organikoaren aurreproiektua, Juan Manuel Escuderoren hitzetan (Caceres, Espainia, 1947). «Ez du asko merezi kritikatzea», esan zuen Murtziako Unibertsitateko (Espainia) Didaktika eta Eskola Antolakuntza irakasleak ostegunean, Ikastolen Elkarteak Bilbon egindako topaketetan eman zuen hitzaldian. Nahiago izan zuen «eraikitzaile» jardun, eta hezkuntza sistema publikoa nola hobetu azaldu.

Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertekin bat zatoz ideia batean: hezkuntza sistema hobe daiteke. Zertan?

Emaitzetan. Ikasteko modukotzat dauzkagun gauzak ikasi behar dituzte ikasle guztiek derrigorrezko eskolaldian; bestela, babesik gabe aterako dira bizitzara. Eskola porrotaz hitz egiten dugunean, esaten ari gara ikasleek gauza batzuk ikasteko eskubidea dutela baina batzuek ez dutela lortzen. Berdintasunean ere hobetu behar dugu, oraindik desberdintasun handiak daudelako hezkuntza sisteman: porrotak gizarteko sektore apalenei eragiten die batik bat.

Eskola porrotaren arrazoi nagusia ikaslearen familiaren maila soziokultural baxua izaten jarraitzeak zein gabezia adierazten du?

Hezkuntza sistema ez dela jatorrizko desberdintasun horiek konpontzeko gai. Eta eskolak bakarrik ezin du hori guztia zuzendu, baina, agian, eskola hobea edukita, zerbait egin zitekeen. Eskola porrota ezin da erabat desagerrarazi; hezkuntza sistema onenak dituzten herrietan ere %5 inguruko porrota dute. Baina zifrak jaitsi behar dira: ehun ikasletik 30 kanpoan geratzea ez da onargarria, jakin badakigunean DBHko agiria beharrezkoa dela lanerako.

Eta hori nola hobetu ba al dakizue adituok?

Bai, beste herrietan zer egin duten badakigulako. Asko hobetu behar dira irakaskuntza eta ikasketa prozesuak, hau da, zer irakasten dugun, eta nola. Hor giltzarri da irakasle izango direnak ondo trebatzea, lanbidea desiragarri bihurtzea. Datu onak dituzten herrietan hezkuntza sozialki baloratuta dago, eta esfortzu horiek egin dituzte: irakasleen arteko harremanei, koordinazioari, talde planifikazioari eta etengabeko trebakuntzari denbora eta baliabideak eskaini dizkiete.

Hezkuntza sistema hobetzeaz mintzatu zarenean, moralki konprometitua dagoen eskola aipatu duzu, zeinetan hezkuntza eskubidea den, eta ez meritua. Azal dezakezu?

«Batzuek balio dute eta besteek ez» ideia gainditu behar dugu. Hezkuntza meritutzat badugu, pentsatuko dugu balio ez dutenekin ezin dela ezer egin. Baina eskubidea denean, irakasleek eta erakundeak esfortzu guztiak egingo dituzte ikasle guztiek gutxienez oinarrizko ezagutzak izan ditzaten. Ezin du izan ikasleen meritua, garatu beharreko eskubidea baizik. Horrek dakar zailtasunak dituztenei lagundu behar zaiela, baina baita ere planteatu behar dela ea irakasten diren eduki guztiak ikasi beharrekoak diren, hau da, hobeto definitu derrigorrezko eskolaldian zer ikasi behar den. Izan ere, hezkuntzaren helburuak pertsonak garatzen laguntzea izan behar du. Bizitzan moldatzeko prestatu behar du, eta horretarako egun lantzen diren gaitasunen artean ez daude soilik ezagutzak, baizik eta trebetasunak eta gaitasun kognitiboak, eta izateko, munduan egoteko eta harremantzeko moduak.

Ez dirudi hori guztia bat datorrenik LOMCEren testuarekin, ezta?

Gaitasunen inguruan adostutakoa ahaztu egin du LOMCEk, eta ikasgaietan tematu da. Horretara mugatzen du curriculuma, kontuan izan gabe ezagutza arloak daudela, edukiak ondo antolatu behar direla...

Horrez gain, zertan da atzerapausoa?

Derrigorrezko eskolaldia 16 urtera arte luzatu zenetik, konturatu gara ikasle sektore batek ez duela interesik adin horretara arte geratzeko. Hortaz, zer egin deslotzen diren horiekin? Egin beharrekoa eskolari eta irakasleei begira eginez gero, aztertu beharko genuke zergatik deslotzen diren, eta zer egin dezakegun hainbeste ez deslotzeko. Aldiz, ikasleei begiratuz jarduten badugu, esango dugu deslotzen direnek dutela errua, baina ezin ditugunez bota, eskolan bertan espazio zehatz batzuk eratuko ditugu, «nahi edo balio ez dutenentzat». LOMCEk hori indartu egingo du, horra ahalik eta jende gehien bidaltzean tematzen da. Ikaslea bihurtzen du porrotaren ordaintzaile, eta, hala, eskolaren eta irakasleen egitekoa birplanteatzea saihesten du. Porrota subjektuari ala sistemari egozten zaio, baina ardurak mistoa izan beharko luke.

Erreformak hezkuntza sistema elitizatuko du, beraz?

Bai, edo egoera ahulenean daudenak baztertuko du. Eskola desberdintasun sozial horiek zuzentzeko pentsatuta zegoen, agian modu idilikoegian. Utopia hori denbora askoan mantendu da.

Eta orain ari gara konturatzen agian utopia bat zela?

Orain batzuek diote ez duela zentzurik, ezinezkoa dela, eta beste batzuek kontrakoa defendatzen dugu: inoiz baino zentzudunagoa dela, eta nahi izanda gauza daitekeela. Funtsezkoa da mundu guztiak oinarrizko trebakuntza izatea. Baita demokraziarentzat ere: hezkuntza ona behar du, parte hartzean oinarritutako sistema politikoa nahi bada.

LOMCEk desadostasun handia eragin du sektorean. Ba al du inor alde?

Idatzi dutenak. Gizarteko klase ertain-altu eta altuek ondo dakite hezkuntza giltzarri dela egun, eta uste dute sistema publiko masifikatu batek ez diela bermatuko bikaintasun maila egokia. Hartara, hezkuntza sistemak onenak hautatzeko duen betekizun hori indartuko duen erreforma ondo ikusiko dute. Eta irakasleen artean ere bada horren alde dagoen ik, batez ere bigarren hezkuntzan: uste dute ikasi nahi ez duenari ezin zaiola ikasarazi.

Zergatik bigarren hezkuntzan?

Oso maila zaila delako. Eskolara ikasteko gogo barik sartzen den umerik ez dago: denborarekin joaten dira deslotzen, eskolako eskailerak igo ahala. Batzuek diote hori zigortu egin behar dela, eta eskolaren hautatze mekanismoak sendotu behar dituela.

Ez al litzateke egokiago deslotzeari aurre hartzea, eskolaz kanpoko faktoreetan eraginez?

Eskolak bakarrik ezin du lortu ikasle guztiek aurrera egin dezaten. Sendien, eskolaren eta komunitatearen arteko loturak eta konpromisoak indartu behar dira.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.