Sortu. Legeztatze prozesua. Analisia

Salbuespen ildoa nagusi

Pello Urzelai.
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ezezkoa nagusitu da Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko salan. Estatuko politika atzerakoiak seinalatutako bidea nagusitu da. Salbuespenean oinarritutako politikari men egin diote Auzitegi Gorenean, ohiko aho-batekotasunik gabebada ere. Ezker abertzalearentzat salbuespeneko legea eta salbuespeneko interpretazioa erabiltzen dutela erakutsi dute berriro ere. Zaila da ulertzea nola har daitezkeen aintzat Estatuaren abokatuak eta fiskalak erabilitako argudioak; izan ere, mesfidantzan, aurreiritzian eta prebentzioan oinarritutakoak dira. Baina ulertzeko zaila zen nola oinarritu zitezkeen Estatuaren abokatuaren eta Fiskaltzaren inpugnazioak funtsik gabeko polizia txostenetan, eta egin zuten.

Badaezpadako legez kanporatzearen ildoa nagusitu da Auzitegi Gorenean, baina bataila juridiko-politikoa ez da amaitu. Sortu alderdia legeztatzeari buruzkoahaleginaren bigarren kapitulua Auzitegi Konstituzionalean izango da, baina baliteke udal eta foru hauteskundeak baino lehenago ez izatea. Maiatzeko hauteskundeetan parte hartu ahal izateko, apirilaren 7rako erregistratuta izan beharko luke alderdi berriak, hauteskunde batzordean ordezkari orokorrak izendatu ahal izateko. Horrelakorik gertatzen ez bada, auzi politiko-juridikoaren beste borroka-eremua hauteskunde-zerrenden inguruan kokatuko da. Zerrendak izango dira balizko inpugnazioen helburu berriak.

Alderdi batzuek, UPNk kasu, ezin izan dute disimulatu beren urduritasuna gerta daitekeenarekin, eta Fiskaltzari eskatu diote eskua sartzeko EA eta Herritarren Garaia bultzatzen ari diren egitasmoari. UPN aurreikusten ari da indar metaketa berri bat antolatzen ari dela, Nafarroan bere nagusitasuna auzitan jar dezakeena. Oraindik ez dago argi nola egituratuko den metaketa hori, baina Euskal Herrian azkenaldian gorpuzten ari den egoera berriaren araberakoa izango da. Beste oztopo lasterketa bat izango da, Auzitegi Gorenak atzo Sorturi buruz ebatzitakoa ikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.