urtzi urkizu
Elena Laka. Topaguneko lehendakaria

«Trinko dugun komunitatea are gehiago zabaltzea da Topagunearen asmoa»

2014ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Ogibidez abokatua da Elena Laka (Eibar, Gipuzkoa, 1966). Euskalgintzari lotuta egon da gaztetatik, batik bat jaioterrian. Izan ere, ...eta kitto euskara elkartearen sorreran parte hartu zuen. Euskarazko hainbat komunikabidetan ere kolaboratzen du. Topaguneko batzarrean izendatu zuten atzo Laka lehendakari, Gasteizen. Horrez gain, zuzendaritza batzordeko lau kide aldatu zituzten, eta bazkide berri bat onartu zuten: Etxebarriko (Bizkaia) Arpela euskaltzaleen topagunea.

Topaguneko zuzendaritza batzordean lauzpabost urtetan izan zinen. Nola hartu duzu orain lehendakari izateko proposamena?

Etxera bueltatzea bezala izan da. Euskara elkarteen mugimenduan 1990eko hamarkadaren hasieratik aritu naiz. Topagunea sortzeko lehen mugimenduetan ere parte hartu nuen. Lehendakaritzarako proposatu nautenean gustura hartu dut, eta lanerako gogo handiarekin. Uste dut gauzak egiteko moduan dela une honetan Topagunea.

Mikel Irizarrek karguan bi urte egin ditu. Zer nabarmenduko zenuke bere agintaldiaz?

Topaguneari eman dion abiada. Gauza asko egin ditu. Tokikomen sorrera izan da garrantzitsuena, tokiko hedabideak bateratzen dituen elkartea. Sare lan bat egin da komunikabideak batzeko eta garatzeko; azkeneko adibidea Bilboko Uriola.info izan da. 2011tik Topagunea egiten ari zen hausnarketa prozesuaren ondotik etorri da Irizarren lana. Mugimenduari emandako hauspoaren ondorioz etorri dira fruituak. Orain niri dagokidan lana samurra ez, baina ez da hain zaila izango. Topagunea oso indartsu hartzen dut, saretuta eta aktibatuta. Oso une ona da oraingoa Topagunearentzat.

Irizarrek Euskararen ametsa: zoruak eta sabaiak artikulua idatzi du aste honetan BERRIAn. Bertan adierazi du euskararen zoru komuntzat bizikidetza hartu behar dela. Ados zaude?

Bai, erabat. Gutxieneko batzuk hartu behar ditugu bizikidetzarako, eta euskara ulertu behar dugu ematen digun zerbait bezala. Gizarte bezala integratu egiten gaituela, alegia. Euskal Herri osoari zabaldu beharreko osagai funtsezkoa da euskara, baina beti bizikidetzaren baitan. Gizartearen esparru ezberdinek hori gutxienekotzat hartzen badute, abiada izan dezakegu, eta ez bakarrik irauteko, baizik eta bulkada hartzeko, sabaiak eta mugak hausteko, eta aurrerago joateko.

Bizikidetzaren izenean ez al dira erakunde edo esparru batzuetan erabakiak hartzen erdara gailentzen eta euskara baztertzen dutenak?

Ez dakit hori hala den, baina ez da gu bilatzen ari garena. Gauza bat da bizikidetza, eta beste bat euskara bidean gelditzea eta gaztelania goian. Onartu behar da alderdi edo esparru batzuetan euskara talde baten txiringitotzat jo dutela. Hortik gora ez joateko ezintasun bat eta errekonozimendu falta bat egon da. Guk harantzago joan nahi dugu. Gure herrian beste hizkuntza batzuk daude, eta horiekin bizi egin beharko dugu. Baina erabateko berdintasun maila eskatzen dugu, eta gure asmoa da euskaraz bizi ahal izatea eta horretarako esparruak sortzea. Bizikidetza ezin da aitzakiatzat hartu euskara bigarren mailan gelditzeko.

Gizarte mugimenduaren aktibazioa lortzeko lanean ari da Topagunea. Nola lor daiteke hori?

Ez da erraza, bizi duguna gizarte desaktibazioaren garaia delako. Gero eta lan boluntario gutxiago dago. Mugimendu batzuk lozorroan daudela ematen du, eta gizarte aktibazioa ez dagoela modan. Baina, aldi berean, euskararen inguruan, eta Topagunearen mugimenduaren inguruan bereziki, lortu dugu hazi bat landatzea. Euskarak badu ahalmena jendea ilusionatzeko. Euskal komunitatea trinkotzen den neurrian, poztasuna sortzen da, ilusioa berpizten da. Elikagai hori beharrezkoa dugu aurrera egiteko eta gizartean gero eta euskal esparru gehiago lortzeko. Ez dugu konformatu behar orain arte egindakoarekin. Euskara leku guztietan egotea nahi dugu euskaldunok: administrazio kontseiluetan, futbol zelaietan, zerbitzuetan, eta abar.

Azkeneko lau urteetako prozesuaren ostean, zer egoeratan dago orain Topagunea?

Egoera onean dago. Oso kudeaketa egokia egin da, eta lortu da taldeari eta jarduerei eustea. Ez da gutxi kontuan izanda ekonomikoki 2013a nolakoa izan zen. Baliabideen kudeaketa zorrotza egin da, eta, bestetik, gogoa eta ilusioa daude. Horregatik gaude indartsu. Gainera, solaskidetza bat aitortu zaio beste eragileen aurrean.

Etorkizunari begira zeintzuk dira erronka garrantzitsuenak?

Batetik, gutxieneko adostasuna izatea sabaiak hautsi ahal izateko. Trinko dugun komunitatea are gehiago zabaltzea da gure asmoa, pixkanaka arnasgune gehiago izateko euskaraz bizi ahal izateko. Horretarako, elkarlana behar da gizarte mugimenduen, erakunde publikoen, elkarteen eta gainontzeko eragile sozialen artean.

Nolakoak dira harremanak erakunde publikoekin?

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan harremanak ez dira txarrak, eta lanerako erraztasun handiagoak ditugu. Nafarroako egoera da zailagoa, urteetako suntsitzearen ondorioz.

Euskaraz ari diren beste eragileekin sinergiak hobetu al daitezke?

Dena hobetu daiteke, baina harreman onak dauzkagu. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluan eta Hekimenen parte aktibo gara, eragile gara eta hor badaukagu zer esana eta zer eskainia.

Koldo Mitxelena ...eta kittoaldizkariko koordinatzailea aste honetan hil da bat-batean. Ondo ezagutzen zenuen, ezta?

Bai, maila pertsonalean kolpe gogorra izan da. Lan ikaragarria egin zuen elkartean, eta denbora beharko da Eibarren bere hutsunea betetzeko. Irizarrek eta biok bilera bat egiteko asmoa genuenberarekin, baina zoritxarrez ez da posible izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.