Pastor
Darwin eta gu

Utah-n elkartuko gara

2013ko uztailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Paxton izeneko gizonak zakarrontzira bota zuen pasaportea Heathrowko aireportuko kontrola pasatu eta gero. Paxton jaunak 80 urte pasatuta zituen eta alarguna zen. Seme-alabak ezkonduta zituen eta ez zuten diru beharrik. Hori ez da oso ohikoa, seme-alabok, nahi izanez gero, erraz asmatzen baitugu edo asmatzen baitute beharren bat gurasoei sosak ateratzeko. Baina 80ko urteak ziren, krisirik gabe, eta gizarte anglosaxoi hotzean, non familia bereko belaunaldien arteko txantaje emozionalek ez duten gurean bezain ondo funtzionatzen, hain zuzen ere horregatik, oso hotzak direlako: Ingalaterrako ama alargun batek behin emango dio bazkaltzen abisatu gabe etxera bisitan joan zaion seme edo alaba helduari. Hurrengoan aldez aurretik deitzeko esango dio; bestela, aire. Hark ere bere bizimodua du eta lagunekin lotu da bridgean jokatzeko. Hemen, berriz, amatxo beti izango dugu prest, gure esanetara, lapiko gozoa eskaintzeko. Euskal matriarkatu zoragarria, badakizu.

Tira... Kontua da Paxton jaunak etxea saldu zuela, eta lortutako milioi laurden libera esterlinarekin hegazkin-txartel ireki horietako bat erosi zuela. Nazkatuta zegoen lurreko bizimoduaz eta azken urteak airean eman nahi zituen, hegazkinez hegazkin. Libre, haren hitzetan. Bost kontinenteetako aireportuetako igarobideetan baino ez zen lurreratzen, herrialdeak benetan zapaldu gabe. Aireportu horietako bat Moskukoa zen, bisatua inoiz baino premiazkoagoa zen garaietan.

Edward Snowden ere Moskuko aireportuko igarobidean dago. Pasaporte barik, Paxton bezala. Historian orain arte ezagutu den espioitza sistema handiena salatu du Snowdenek. Aste honetan bertan zehaztasun gehiago eman ditu AEBetako NSA Segurtasun Agentzia Nazionalari buruz, Der Spiegel aldizkarian argitaratutako elkarrizketan. Erresuma Batuko informazio zerbitzuen Tempora programaz mintzatu da. Lehendabiziko full take sistema da Tempora, den-dena metatu eta gordetzen duena. Snowdenek abisu eman digu: munduko edozein herritarrek Erresuma Batuan dagoen zerbitzari bat erabiltzen duenean Internetetik zerbait erosi edo deskargatzeko, bere datu guztiak grabatuta geratzen dira. Metadatuak—nor norekin noiz komunikatu den eta halakoak agertzen dituzten datuak— NSAren eskura daude gero. AEBak datu zentroa eraikitzen ari dira Utah estatuan. Hortxe bildu nahi ditu NSAk gure metadatu guztiak. «Betiko», Snowdenen arabera.

Ez dago argi nola bukatuko den Snowden auzia; Europako zenbait estaturen jokabidea, aldiz, bai: gaztea ustez joan zitekeen hegazkinari ez diote pasatzen utzi. Bahiketak eta torturak egin ahal izateko Washingtonek legez kanpo bidaltzen dituen hegazkinei bai ematen diete baimena lurreratu eta erregaiz hornitzeko. Giza eskubideak? Rafael Poch kazetariak ondo azaldu du bere blogean: giza eskubideak unibertsal bihurtu, bai; giza eskubideak erabili soilik zenbait estaturen kontra egiteko, ez. Kuban Internet kontrolatuta dagoela esaten digute, Txina hackerren paradisua dela... eta hara non demokraziaren defendatzaile sutsuenak ditugu giza eskubide horiek gehien urratzen dituztenak: adierazpen askatasuna, etxea, intimitatea... Zertarako sinetsi edozer esan edo egiteko libre zarela, esan, sentitu eta egingo duzun guztiaren adierazpen informatikoak Utah-n grabatuko badituzte? Nork dio egun batean gure telefono mugikorretatik zelatatu eta hiru dimentsiotan grabatuko ez gaituztela, telefonoa itzalita egon arren? Nor dago %100ean seguru hori oraintxe bertan egiten ari ez direla?

Snowdenek asiloa eskatu dio Errusiari, Moskuko aireportuko igarobidetik. Paxton jaunak munduan zehar bidaiatzen segitzen du. Anthony Burgessek asmatutako pertsonaiak The devil's mode liburuan hartzen du ostatu, Pocket Books argitaletxearen 1989ko edizioan. Ez du Moskura heltzeko ordutegi finkorik. Liburua 141. orrian irekitzen duzun bakoitzean agertzen da bertan, Honolulu eta Dysneytik bueltan. Hura bai libre: inoiz ez da Utah-n lurreratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.