Pastor
Darwin eta gu

Zirkunzisioa

2013ko apirilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Judua izan daiteke zirkunzidatua izan gabe? Zalantza hori argitu nahi du, beste hainbaten artean, Berlinen juduei buruz ireki duten erakusketak. Egia osoa, juduei buruz beti jakin nahi zenuena deritzon ekimena juduei buruzko galderak erantzuten saiatzen ari da. Judu guztiek sudur luzea dute eta negozioetarako iaioak dira? Juduek herri aukeratua osatzen dute? Bromarik egiten dute holokaustoari buruz? Horiexek dira aretoan hedatu diren beste kezka batzuk, zirkunzisioari buruzkoarekin batera.

Guretzat ezohikoa dena ohikoa da besteentzat. Eta alderantziz. Bi aldeek, guk eta haiek, elkar hobeto ezagutzeko eta ulertzeko ahalegin berezia egin behar dugu. Arriskatzea da kontua, geure erosotasuna erosokeria bihur ez dadin. Horixe egiten ari dira Berlingo Museo Juduak antolatutako erakusketan. Alemaniako herritar ez juduak eta juduak — azken horiek 100.000 baino gehiago dira gaur— elkarrengana hurbildu nahi dituzte. Naziek juduekin egindako genozidioak pisu itzela dauka oraindik hango gizartean. Berlingo ekimenak modu bitxia proposatu du zama historiko hori gainditzen laguntzeko.

Museoko aretoan kutxa handi batzuk jarri dituzte, erakusleiho moduan edo, eta bertan juduak paratu dira, benetako pertsonak, bisitarien galderak erantzuteko. Live. Bizi bizian. Irudikatu antzeko erakusketa bat Louvre edo Prado museoetan. Euskaldunei buruzko hainbat galdera kutxetan idatziak. Kutxa bakoitzean euskaldun bat, ikusleen zalantzak argitzeko prest. Airean dauden galderak errealitateari lotuak dira, edo klixe zaharren ondorioak: «Basapiztiak zarete euskaldunak? Gehiegi janez eta edanez beste gizakiek baino gehiago sublimatzen duzue sexua? Egia da ikastoletan Espainiaren eta Frantziaren kontrako gorrotoa bultzatzen duzuela? Euskaldun fededun klixeak zenbateraino eragiten dizue oraindik? Haren ordez euskaldun mendidunklixea garatu duzue ala elkarrekin doaz? Euskalduntzat jo dezakezue zuen burua euskaraz jakin gabe?». Horiexek galderetako batzuk. Beste alde batetik, zer ez genuke galdetuko euskaldunok, Guggenheim museoan edo Baionako Euskal Museoan erakusketa bat egingo balute, eta espainiarrak eta frantsesak jarriko balituzte bertan!

Topikoak, askotan, errealitatearen pertzepzio jakin batetik sortuak dira, baina arriskutsua izan daiteke horiek herri bateko kide guztientzat erabiltzea. Aurreiritziek eta klixeek ez dute laguntzen bestea hobeto ezagutzen. Batzuetan, iritziek oso errotuta daude eta nahasmena sor dezakete. Esaterako: Alemanian ez da ohikoa arropak etxeen kanpo aldean zintzilikatzea. Turkiako edo Hego Europako etorkinen ohituratzat jotzen da. Atzerritarren kontua. Gurean, aldiz, oraindik erabiltzen da arropa lehortzeko modu hori, gero eta gutxiago bada ere. Duela urte batzuk edadeko alemaniar bat etorri zen Euskal Herrira. Gipuzkoako barnealdeko herri bateko alde zaharrean zebilela, arropak eskegita ikusi zituen balkoietan. «Nabari da hemen atzerritar asko bizi direla», esan zuen. Etxe horietan ez ziren etorkinak bizi, euskal herritarrak baizik. Hala ere, haren begietan Alemaniako atzerritarren moduan jokatzen zuten. Beraz, kanpotarrak ziren. Bera zen atzerritarra, baina bere iritzia hain zuen barneratua, non ikusmolde hori kanpoan ere ezartzen zuen: Alemaniako atzerritarren moduan jokatzen zutenak atzerritar ikusten zituen euren jaioterrian eta etxeetan bertan.

Geure betaurreko bereziez ikusten dugu munduaren kolorea. Horretaz ohartzeko, Philip Roth idazle estatubatuarrak esanikoa gogoratu dute Berlingo erakusketaren harira. Roth judua da jatorriz, baina ateoa. «Mundu osoak jainkoan sinesten ez duenean, leku bikaina izango da», esan zion CBS telebista kateari elkarrizketa batean. Hala ere, Rothek normaltzat jotzen du zirkunzisioa; ez du erlijioarekin lotzen: «Hipnotizatuta erreakzionatzen dut, oraindik ere, igerilekuetako aldageletan zirkundizatu gabeko gizonak ikusten ditudanean». Guretzat ohikoa dena ezohikoa da besteentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.