Pastor
DARWIN ETA GU

Zutik eta bizirik

2016ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Erraustegia eraikitzeko egitasmoa salatzeko Donostian igandean egindako giza katearen arrakasta mugarria izan da proiektu horren kontrako borrokan. Batetik, herritarren mobilizazio gaitasuna agertu, eta indartu egin du. Ilusioa eta kemena aurrera egiteko. Bestetik, erraustegiaren alde egin dutenen urduritasuna azaleratu du. Izan ere, ordutik hona Gipuzkoako goi agintariek apenas izan duten egonezina ezkutatu edo disimulatzeko betarik. Giza katea ez da protesta puntual bat izan, egun batzuen buruan ahaztu egiten den ekintza bitxia. Ez. Igandekoak segida izan du aste honetan, seguruena espero ez zituzten mobilizazio jendetsu eta baketsuen bidez.

Gipuzkoako herritar asko —ez soilik erraustegia hurbil izango dutenak— kezkatuta daude erakundeek zaborren kudeaketaren arloan bultzatutako politikaz eta eredu ekonomikoaz. Erraustegia ezartzeko prozesua azkartzea erakundeetan berriz nagusi izatera iritsi direnen nolabaiteko mendeku gisa ikusten dute, aurretik eginiko ibilbidea desegiteko. Haien ustez, inposizioa da, jauntxokeria. Erraustegia kaltegarria dela dioten osasun txostenak aurkeztu arren, erakundeek ez dituzte kontuan hartzen. Eta ez dute kontrakoa frogatzeko argudio sendorik azaltzen.

Kanpaldiak sarri erabili dira munduan boterearen gehiegikeriak salatzeko. Bidegabekerien kontra. Giza eskubideen alde. Vietnamgo gerraren eta arrazakeriaren aurka AEBetan, adibidez. Mexiko Hiriko erdialdean, Reforma eskualdean, kanpadenda bat dago jarrita, gobernuaren errepresioa salatzeko. Buenos Airesen Malvinetako gerrako beteranoak biltzen dira Plaza de Mayo-n, euren egoera salatzeko. Bi kasu horietan jende gutxi elkartzen da. Baina zer egin hainbat lagun plaza batean batzen direnean protesta egiteko, istilurik sortu gabe? Nola kudeatu egoera hori Europako XXI. mendeko estandar demokratiko ofizialen arabera? Ehunka herritar mobilizazio baketsuan, Hego Euskal Herriko hiriburu turistikoaren erdian. Nola erreakzionatuko dute? Herritarrak atxilotuz, soilik parke batean esertzeagatik? Gogor kritikatu duten PPren mozal legea erabiliz? Edo Arantzazuko Amari otoitz eginez, baten batek harri bat botata —nahiz mugimendua baketsua izango dela erabaki duten—, eta aitzakia emanda manifestariak modu demokratikoan sarraskitzeko?

Uda ate-joka dugu. Zaila izango da erraustegiaren aurka modu baketsuan bildu direnei oldartzea defendatzea Kaliforniako edo Berlingo turista baten aurrean. Alemaniari buruz ari garela: atez ateko zabor-bilketa sistemak kontrol poliziala ezarri, eta intimitatea urratzen duela esaten dutenek jakin beharko lukete bertako udalek botere eta arauak dituztela, nahi izanez gero, ingurumen teknikaria zure etxera bidaltzeko, hark txirrina jo, bertan sartu, eta zaborra nola bereizten duzun ikusteko. Normalean ez dute egiten, baina araua, egon badago. Badaezpada. Alemania diktadura dela esango dute herrialde hori eredu duten gure euskal kapitalista negoziogileek?

Besterik ezean, protesta udan luza liteke. Nola eragingo lioke Donostiaren postal-irudiari? Zer esango lukete Susan Sarandonek —Hollywoodeko aktore ezkertiarra eta Sanders demokrataren aldekoa— eta Robert Redfordek —aktore eta zuzendari bikain eta ekologista— irailean Zinemaldira etorriko balira, eta ikusiko balute erraustegiaren kontra ari direnak arrastaka eramaten dituztela Maria Cristina hoteleko alfonbra gorritik, euren begien aurrean? Are gutxiago ulertuko lukete jokaera hori, hau jakinez gero: kilometro batzuk harantzago, eta denboran ez oso urrunean, polizia horiek ezer ere ez dutela egin euren eskubideak eta berdintasuna aldarrikatzeko elkartu diren emakumeak mehatxatu, eta putak, putak, putak deitu dieten plastiko belzdunen basapiztien kontra. Eta pentsatuko lukete inguru hau paraje ederra izan litekeela Stanley Kramerrek 1963an zuzendutako It's a mad, mad, mad, mad world filmaren titulua hartu, eta komedia gazi-gozoa egiteko. Mundua zoro, zoro, zoro, zoro, zoro dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.