Anamari Martinezen hitzaldia Martin Ugalderentzako zen Euskal Herritar Unibertsalaren saria jaso zuenean

enekoitz esnaola
2014ko azaroaren 29a
09:19
Entzun

Anamari Martinez Urreiztietak (atzo zendu zen) hitzaldi hau egin zuen 2003ko urriaren 16an Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak Martin Ugalde zenari Euskal Herritar Unibertsalaren saria eman zionean —alargunak jaso zuen saria—:

"Pertsonalki etorri nahi izan dut zuen artera eta Martinen ibilbideari egiten zaion aitorpen eder hau eskertu. Martin ez da etorri, baina hemen dago, gurekin, hunkituta eta esker onez beteta.



Gure zorionak eta esker ona Ainhoa Artetari, munduan zehar melodiaren bidez ordezkatzen gaituelako.



Gaur bertan, hemen biltzeko egun seinalatu askoan, berri txarrak izan ditugu egunsentian bertan: atxiloketa gehiago Egunkaria dela eta, Martinen izena daraman kultur-parkean. Atsekabeturik, penaturik geratu naiz zeharo.



Eskerronari eutsi behar diot Egunkaria-ren itxiera nahiz gure kontu-korronteen blokeoa bezalako une latzetan jaso genuen elkartasuna dela eta. Sostengu zabala, erakundeetatik ezezik, gizarte osoaren partetik ere. Zinez babestuta sentitu gara. Zirrara hori gogoan izango dut betiko.



Martin beti egon da lagunez inguratuta, bere proiektuak konpartitzen zituztenez lagunduta. Gaur ere hurbil senditzen ditugu.



Hainbat eta hainbat tokitatik errekonozimendua jaso zuen. Adibidez: haren herri Andoainek Seme Kuttun izendatu zuen; Euskal Herriko Unibertsitateak, berriz, Honoris Causa doktore; Hamaika Bide Elkarteak 'Gizon bat herri batentzat' Nazioarteko Biltzarra egin zuen, Martin guztiz hunkitu zuena; gainera, pribilejio handia izan da Hondarribian bizitzea, non Hiriaren Saria eman zioten, herritarren laguntasuna gozatu dugun.



Bestalde, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria Martinengaino joan zen iaz Lan Onari Saria emateko asmoz. Adeitasun osoz etorri zitzaigun uztailean besarkada beroa eskaintzera.



Era berean, ezin ahaztu Venezuela, babesleku aparta. 1973. urtean, egotzi zuten garaian, Martinek nazionalitate venezuelarra zeukan; hala izan ez balitz, batek daki zer gertatuko ote zen.



Eta agur bero bat, nola ez, Caracaseko Euskal Etxearentzat, gutaz arduratuta daudela helarazi digute eta.



Adisikidetasuna omendu besterik ezin dezaket egin, gaur eta hemen, hainbeste jaso ondotik. Adiskidetasuna eta lagunak, eta, bereziki, honako hauei:



Ignacio Zubeldia jaunari, bizitza itzali zitzaiona.



Santi Brouardi, bizitza kendu ziotena.



Eugenio Arregi jaunari, 86 urterekin itsasoen tamainako laguntasuna bidaltzen jarraitzen duena.



Eta Iñaki Uriari, behin-behineko preso, Aranjuezeko Espetxetik idatzi eta gutun bakoitzean autoerretratua opari dakarkiguna.



Nire amodio eta elkartasun osoa presoen familientzat ere bai.



Amodioa eta elkartasuna, baita ere, indarkeriaren biktimak diren guztientzat: gu ere diktaduraren biktimak izan ginen, eta erbesteak hezitu gintuzten bakea egiteko eta ez gaiztakeriatan ibiltzeko.



Eta, berriro ere diot, Martinek merezi dituen begirune eta duintasuna aldarrikatu beharra dut. Nortasun baten hizkuntzari eta kulturari eman die bizitza osoa. Lur honetan jaiotzea eta euskaldun sentitzea ez baita delitua, eskubidea baizik.



Nire bizitzaren azkeneko etapan sartu naiz, amets egiteko gaitasuna galdu gabe. Ama naiz, eta amona ere bai. Umeek kezkatu izan naute nerabezarora heltzen diren arte, akaso erbesteak funtsezko bi aro horiek gozatzea galerazi zigulako. Nire desioa da indarkeriarik batere gabe eta dagozkigun eskubideekin gure hurrengo belaunaldiei heredentzia bezala bakea uztea. Zeren eta gure herriak bakea behar eta nahi baitu, eta guztion artean eraikiko dugu.



Ez dut ahaztu familia, baina ez naiz ausartu zuzen hitzaldian aipatzen. Baina familia da gizartearen oinarrizko zatia. Horregatik, nire sendiek jakin dezatela nire elikagai afektiboa izan eta izango direla eta beti behar izango ditudala, nire aldamenean". 




Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.