Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko epaiketaren bosgarren saioan, Cabacas artatu zuen erizainak deklaratu du, besteren artean. 2012ko apirilaren 5ean, gomazko pilota baten kolpea jaso ostean, Cabacas "oso larri" zegoela ohartu zen erizaina. Segidan, ertzain bati oihukatu zion "anbulantzia bati deitzeko, lotsagabe batzuk zirela, hiltzaileak, mutilari burua lehertu" ziotela. "Odoletan hasi zen belarrietatik, ahotik eta sudurretik", adierazi du. Anbulantziaren zain egin zuen denbora tartea "amaigabea" egin zitzaion, eta azkenean larrialdi zerbitzuetara deitzea erabaki zuela kontatu du.
Larrialdi zerbitzuetara deitu zuen beste lekuko batek ere deklaratu du gaur. Egin zuen deiaren audioa entzun dute auzitegian. Grabaketan entzuten denez, lekukoak Ertzaintza "kargatzen" ari zela adierazi zuen eta "pertsona bati buruan eman" ziotela.
Maria Diaz de Haroko plazatxoan zegoen beste lekuko batek ziurtatu du inor Cabacasentzako anbulantzia baten eske ertzain batengana hurbiltzen zen aldiro Ertzaintzaren "erantzuna barreak, borra kolpeak" zirela. Lekuko berak azaldu duenez, nerbiotakoak eman zion eta ertzain batek burla egin zion: "Begira nola egiten duen negar neskatxoak".
Aurreko saioetan hainbat lekukok egin bezala, gaur ere hainbatek ziurtatu dute Ertzaintzak "zuzenean" egin zuela tiro inguruan zegoen jendearen aurka. "Ertzain batek metro batera zuzendu zuen arma nigana, gorputzera", azaldu du haietako batek. Beste batek kontatu du pilotakada bat jaso zuela sorbaldan, armaz destatu zuen ertzainari bizkarra eman zionean. "Armaren ahokoa angelu zuzenean zeukaten"; "Hiltzera egiten zuten tiro", adierazi dute beste batzuek.
Ertzainak inolako abisurik eman gabe hasi ziren tiroka Maria Diaz de Harora iritsi zirenean, hainbat lekukoren esanetan. "Bi edo hiru furgoneta azaldu ziren eta inolako arrazoirik gabe oldartu ziren". Zenbait lekukok adierazi dute Ertzaintza oldartu ostean hasi zirela batzuk poliziari objektuak jaurtitzen. Beste batzuren esanetan, kristalezko objektuak jaurti zizkieten Ertzaintzaren ibilgailuei.