Inbestidura saioaren aurretik egin zuen hitzordua Gipuzkoako Hitza-k Ana Karrererekin (Errenteria, 1965). Artean ez zen ziurra EH Bilduko hautagaia alkate hautatuko ote zuten. Andoaingo udaletxearen aurrean zen hitzordua, alkate izendatzen ez bazuten. Bere bulegoan, alkate izendatuz gero. Bulegoan hartu du Hitza. Hutsik dago; ez da ikusten alkate baten mahai gainean pilatu ohi den paper eta dokumentu mordoa; alkate makila bere kutxan sartuta, besterik ez. «Badakizu, badaezpada, hustu eta garbitu egin nuen bulegoa».
Bulegora joan eta albistea jaso berri du Karrerek. EAEko fiskal nagusi Juan Kalparsorok bere inbestidura ikertzeko agindu du, izendapena ahalbidetu zuen boto zuriaren atzean zer dagoen argitzeko.
Fiskalburuaren erabakiaren berri izan duzue gaur [astelehena]. Nola jaso duzue albistea?
Bai, gaur lanera etorri gara, eta hauxe aurkitu dugu. Hau amaiezina da, eta nik uste dut herritarrak, andoaindarrak, oso nekatuta daudela. Berriro jomugan jarri gaituzte, eta nik egoera hori salatu egin nahi dut. Hori ez da herrian dugun giroa, ez dago hedabideetan saltzen duten krispazio hori. Komunikabideek puzten duten kontu bat da. Eta badaramatzagu pare bat hilabete, edo gehiago, prentsaren aldetik Andoaini buruzko irudi bat jasotzen, ez dena egia. Kanpotik hona etortzen denak herri normal-normal bat topatuko du, krispaziorik gabe bizi dena. Baina, bat-batean, gaur goizean jaso dugu albiste hori, eta gure idazkariak deklaratzera joan behar du.
Egoera hau lotsagarria da. Salagarria da herri oso bat, hedabideetan, interes politikoengatik behin eta berriz auzitan jartzea. Eta ez dira udalaz ari; ez da EH Bildu medioetan ateratzen dutena, herri oso bat da, eta herri oso baten irudi bat ematen ari dira, egia ez dena, errealitatea ez dena.
Eta alderdi batzuen jokoa ere salatu nahiko nuke. Onartu beharko dute joko politikoan galdu egin dutela; agian mingarria egingo zaie, baina hala gertatu da, eta onartu beharko dute.
Joan gaitezen iragan larunbatera. 09:55 dira. Nola zeundeten orduan? Galdutzat zenuten?
Lehenago izan zen. 09:30ean deitu zidan niri EAJko Iñaki Iribarrek. Ordu arte albisteak-eta entzuten genituen, eta ikusten genuen ez zegoela garbi. Izan ere, Andoaingo EAJk guri ezer ofizialik esan arte ez genuen ezer erabakitzat jo nahi. Ez genuen espekulazioetan sartu nahi. Guri haiek esan ziguten erabakia Andoainen hartuko zela, eta erabakia zegoenean jakinaraziko zigutela. Beraz, gu zain geunden.
Hala, 09:30ean deitu ziguten, eta esan ziguten PSErekiko ituna beteko zutela. Kito orduan. Lasaitasun handi samarrarekin joan ginen osoko bilkurara. Bueno, lau urte alde batean eta beste lau urte bestean. Horrela da jokoa. Lasai geunden.
Botoak kontatzen hasi arte ez zenuten ezer sumatu?
Ez. Gainera, Ganemos eta Irabaziko ordezkariekin hitz egin genuen, eta bagenekien haiek ez zigutela guri botorik emango; batek bere buruari emango zion, eta besteak zuri bozkatu behar zuen. Hala, bagenekien boto zuri bat bazegoela; baina bigarren boto zuria atera zenean... Hor hasi ginen pentsatzen irabazi genuela. Hasieran ez genuen sinisten; beste ideia batekin sartu ginen gu bilkurara. Baina berriz kontatu genituen botoak, eta ondo zegoen. Ba, kito; irabazi dugu.
Tentsio handiko unea izan al zen?
Ez, tentsioa ez, isiltasuna nagusitu zen. Jende guztia ari zen kontatzen, buruz, eta isiltasuna da nik oroitzen dudana.
Andoaingo Udaleko inbestidura saioak garrantzi handia hartu du, azkenean?
Hori da prentsan atera dena, eta nik uste dut gehiegizkoa izan dela Andoain non jarri duten. Maiatzaren 25etik, Denis Itxasok Andoainen bila joango zirela esan zuenetik, egunero-egunero atera gara prentsan. Guretzat ikaragarria izan da. Alderdi sozialistak sekulako presioa egin du.
Prentsak ateratakoa gauza bat da, baina guk hemen gauzak beste modu batera egin eta bizi izan ditugu. Hauteskundeen ostean, EAJrekin bi bilera egin genituen. Guk galdetu genien ea non erabakiko zen EAJren jarrera, eta erantzun ziguten beti herrian erabakitzen dela, eta oraingoan ere hala egingo zutela. Eta, hortik aurrera, espekulazioetan ez genuen sartu nahi izan eta ez naiz sartuko.
Zergatik da Andoain hain garrantzitsua PSE-EErentzat, EAJrekin akordio orokorra kolokan jartzeraino?
Ez dakit, baina, 1995etik, ilegalizazio garaia kontatu gabe, PSE-EEk ez ditu Andoainen hauteskundeak irabazi —2007an lehen indarra izan zen, baina ezker abertzalearen zerrenda legez kanporatuta zegoen—. Beraz, ez dakit zergatik dabilen alderdi sozialista Andoain bere feudoa balitz bezala jokatzen, herri honen jabe izango balitz bezala. Gogora dezagun hogei urte daramatzala herri honetan bigarren indarra izaten, eta, gainera, indar abertzaleak, beste herri ikuspegi bat duten indarrak, gehiengoa direla.
Baina Andoain galtzeak ondorioak izan zituen, eta Gasteizera iritsi zen hemengo oihartzuna. PSE-EEk ez zuen babestu Gorka Urtaran alkategai jeltzalea.
Guk ezin genuen sinetsi hemengoak izan zuen oihartzuna. Trending topic izan ginen estatu mailan. Madril eta Bartzelona baino lehenago, Andoaingo albistea ematen zuten, eta hantxe agertzen ginen, azaletan, Ada Colau eta konpainiarekin batera. Baina zer da hau? Mesedez! Nik hedabideei eskatuko nieke autokritika egiteko, nola ari diren Andoain erabiltzen, eta PSE-EEri ere bai, berak sustatzen baitu erabilera hori. Oso hitz gogorrak ari naiz esaten, baina gaurkoarekin, fiskalarenarekin, gainezka egin dugu.
Aurreko agintaldia ere ez zenuten modu samurrean hasi. Polemikaren jopuntuan egon zineten orduan ere.
Bai, bai, orduan ere bai. Bizkartzainen kontuarekin. Sekulakoa izan zen. ETAk su-eten iraunkorra emana zuen, eta guk bakarrik esaten genien, udaletxe barrura ezetz, bizkartzainek atarian gelditu behar zutela. Baina interes politikoak daude hor, eta beti horrela izan da.
Andoainen beste irudi bat eman nahi duten arren, eta horretan tematuta daude, Andoain oso herri abertzalea da. Andoaingo soziologia ezkertiarra da, eta abertzalea, eta ez badute ikusi nahi... Eta Andoainen ere, Euskal Herriko beste tokietan bezala, herritarrek normalizazioa nahi dute, krispaziorik gabe bizitzea gustatzen zaie, eta ez zaie, ez zaigu gustatzen prentsan behin eta berriz agertzea, eta are gutxiago horrelako erabilpen batekin.
Urte hasieran, berriz, Josebaren postontzia deiturikoaren kontura jo zuten zuen kontra.
Bai, gauza bat ez bada, beste bat ateratzen dute. Eta benetan diot, gure herriaz ematen den irudia ez da erreala. Esan zuten ez geniela utzi postontzia jartzen, baina hori ez da egia. Manipulatu egin zuten gertatutakoa. Beraiek, otsailean, baimenik eskatu ere egin gabe eta medio pila baten aurrean, postontzia jarri egin zuten. Zuhaitz batean jarri zuten, kable batzuekin. Eta behin jarri ondoren, eskaera egin zuten postontzia bertan uzteko. Esan zitzaien ez zela toki egokia. Guk ez dugu esaten zerbait jarri ezin denik, baina ez hor. Gainera, betirako nahi dute utzi postontzia bertan, eta guri ez zaigu egokia iruditzen.
Beti gai berarekin gaude. PPk eta PSE-EEk interesa dute Andoainen irudi bat ematen, eta hedabide ia guztiek prestutasun osoz oihartzuna ematen diete.
Ez dirudi hori aldatuko denik; aurrerantzean ere halakoak gertatuko direla ematen du.
Ikusiko dugu; bi alderdi berri sartu dira udalean, eta ematen du haize freskoa ekarriko dutela, lan egiteko beste modu bat. Eta espero dut herrian alderdi sozialistak aldatuko duela jokabidea. Adostasunak lortu behar ditugu, herriak aurrera egin behar du, eta ezin gara horrelako gauzetan tematu. Nik uste dut gizartea hainbeste tenkatuta ez dela ezer lortzen, eta gutxiago gaur egungo egoeran. Har dezagun bide eraikitzaileago bat, eta ez dezagun gehiago tenka. Benetan espero dut alderdi sozialista bide horretan lagun izango dugula.
Ikus dezagun nola egin bidea. Agian beharko dugu beste herri batzuetan baino denbora gehiago; eta denbora kontua baldin bada, har dezagun denbora gehiago, baina eman ditzagun pauso eraikitzaileak, pauso txikiagoak agian, baina aurrerapausoak, eta espero dut denek bide horretan bat egitea. Hau ezin da luzatu, eta ezin da errepikatu behin eta berriz.
Alde horretatik, zer-nolako agintaldia espero duzue? Izan ere, gutxiengoan gobernatu beharko duzue...
Orain arte ere hala izan da, eta blokeatuta egon gara. Guk 2012ko aurrekontuak ditugu soilik. Gipuzkoako herri bakarra gara aurrekontuak horrela blokeatuta eduki dituena. Baina ezin dugu horrela jarraitu; bizikidetzan eta bakebidean pausoak ematen ditugun bezala, udal kudeaketan eta bestelako gai garrantzitsuetan ere urratsak egin behar ditugu.
Orain, larunbatekoan gertatutakoarekin, ikusiko dugu zer gertatuko den. Zorionez, orain udara dator, eta segur aski oporretatik itzultzean lortuko dugu honi buelta ematea.
Eta zuk zeuk nola hartuko dituzu hurrengo lau urteak?
Batetik, egoera ekonomikoari irtenbidea ematen jarraitu behar dugu. Espero gabe, ekonomikoki oso egoera eskasean topatu genuen udala, eta asko sufritu dugu. 2012 eta 2013 oso gogorrak izan ziren. Izan ere, egoera ekonomikoak erabat baldintzatzen du kudeaketa. Beraz, hori bideratzen jarraitzea da gure erronka, horrek gainerako lan arlo guztiak baldintzatzen dituelako.
Eta horretarako, noski, denon arteko adostasunak lortu beharko ditugu, orain arte ez bezala. Blokeoa izan dugu, eta guk ere ez dugu asmatu blokeo hori hausteko giltza topatzen. Baina, guk gure hausnarketa egiten dugun bezala, eta bide berriak topatzen ahaleginduko garen bezala, beste alderdiek ere egin beharko dute; azken batean, behin eta berriro ezezkoarekin erantzunez eta udalaren kudeaketa blokeatuz, denok galtzen dugu, andoaindar guztiek. Beraz, gogor lan egingo dugu harremanak hobetzeko.
Eta, gero, mahai gainean ditugun proiektuekin jarraitzea, hori da asmoa. Orain lau urte egoera ekonomikoa oso zaila zen, eta udalean sartu ginenean denbora behar izan genuen kokatzeko. Bestalde, udal bat, administrazioa oro har, oso motel joaten da, eta proiektu bat gauzatzerako pauso asko eman behar dira. Gutxiengoan bazaude, are gehiago... Beraz, martxan jarritako proiektuak gauzatzen joatea da nahi duguna.
Bizikidetzarekin batera erabakitzeko eskubidea zuen lanaren ardatz izango dela adierazi zenuen inbestidura saioan.
Bai, nik uste dut herri mugimenduek, herritarrek eraman beharreko borroka dela hori, baina egia da maila politikoan, eta gu udal kudeatzaileak garenez, guri ere badagokigula pausoak eta bultzada ematea. Ildo horretan, EAJk ere deialdia egin du igande honetarako, eta bide horretan orain arte elkarrekin aritu gara. Udalean tokatzen ziren pausoak elkarrekin eman ditugu; mozioak eta bestelakoak izan dira, eta EAJ gurekin egon da; klabe berean pentsatzen dugu.