Andoni Azpiazu (Azkoitia, Gipuzkoa) presoa aske gelditu dela jakinarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). 2007ko ekainaren 12an atxilotu zuten Mexikon, ETArekin harremanak izatea egotzita. Ondoren Espainiara eraman zuten. Lehengo astean Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu egin zuten eta behin-behineko askatasuna eman diote; epaiaren zain dago. Gaur, 19:00etatik, Azkoitiko plazan ongietorria egingo diote. Azkenaldian Dueñas kartzelan eduki dute.
Mikel Uzkudun donostiar presoa ere libre gelditu da, hemezortzi mila euroko bermea ordainduta. 2003an atzeman zuen Frantziako Poliziak, ETArekin harremana zuelakoan. Frantziako Estatuan jarri zioten zigorra bete ondoren, Espainiaratu eta orain hilabete Soto del Realen espetxeratu zuten.
David Urdin (Burlata, Nafarroa) presoa ere aske geratuko da. 2007ko azaroaren 20an atxilotu zuen Guardia Zibilak Burlatan, kale erasoak egitea egotzita. Ordutik Soto del Real eta Aranjuezko espetxeetan egon da. Sei mila euroko bermea ordainduta aske utziko dute.
Iker Aristuk (Iruñea) ere irtengo du kartzelatik. 2008ko azaroaren 6an atzeman zuen Espainiako Poliziak, Segikoa izatea leporatuta. Ordutik Alcalako espetxean eduki dute. Hamar mila euro ordainduta aske geldituko da.
Bestetik, Alejo Moreno (Gasteiz) Jarrai-Haika-Segi auziko auzipetuak euroagindu epaiketa izan zuen atzo Pauen (Frantzia). Urtarrilean atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Azkainen (Lapurdi). Libre utzi zuten segituan. Epaileak azken erabakiaren berri hilaren 24an emango du.
Euskal presoak
Andoni Azpiazu, Mikel Uzkudun, David Urdin eta Iker Aristu presoak, aske
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu