Andre GIBdunak: isilpeko eriak

Seisidak antolatuta Donostian hiesaz egin duten kongresuan, hainbat aditu mintzatu dira eritasunak emakumezkoengan dituen berezitasunez.Bat datoz gehienak: estigmak zorrotzago estutzen ditu

Fatima Flores aditua, asteazkenean eman zuen mintzaldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2015eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Gizon batek GIBa duenean, andreak zaindu egiten du; andre bat gaixotzen denean, gizonak beste andre bat hartzen du». Hori, lehendabizikoz, aspaldi aditu zuela dio Daniel Zulaikak —EAEko hiesaren aurkako planaren zuzendaria; hogeita hamar urtean dabil alorrean lanean—, eta iltzatuta duela ordutik: ezin atera. Hitz horiek Afrikako emakumezkoen errealitatea deskribatzeko esan zizkiotela oroitarazi du; hain urrutira joan gabe ere, emakume GIBdunek badakite zer den bazterkeria: bakardadea. Eta egunotan Donostian Seisidak antolatuta egin den kongresuan hainbat hitzaldi egin dira andreen errealitatea erakuste aldera. Atzerritik etorri dira zenbait hizlari: esaterako, Fatima Flores, UNAM Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko aditua. Pobreak, gaixoak, eroak hitzaldia eman du, eta Zulaikak esandako hitzak ninietatik erauzi ezinik ditu hark, ikusi egin baititu: usuegi.

«Emakume GIBdun asko bakarrik bizi dira Mexikon,bakartuta», deitoratu du Floresek. «Horrek beren buruko osasuna kolokan jartzen du sarritan, eta erantzun bat besterik ez diete ematen: psikofarmakoak hartzea». Izan dira esperientzia gertuagokoak: Montse Pineda Bartzelonatik etorri da, Creacion Positiva elkartetik. Andre GIBdunei, sarri, «ama txarraren» etiketa jartzen zaiela dio: «Ama txarrak dira, baita ama ez badira ere». Horrek andre asko ezkutuan egotera eraman ditu: «Izurrian andreak ezin ikusizkoak dira, zama bikoitza eraman behar baitute». Eta ohartarazi du eragozpen direla andreek sexu harreman seguruak ez izateko orduan, maitasun erromantikoaren ideia idealizatua, indarkeria matxista eta genero mendekotasuna. Hara adibide bat: «Prostituzioan ari diren emakumeek, usu, bezeroekin babes neurriak hartzen dituzte, horretan nahiko ondo asmatu dute; baina beren harreman afektiboekin ez dute horrela jokatzen».

Generoa, GIBa eta kooperazioa mintegia —EHUko Gizarte Psikologia Sailak, T4 elkarteak eta Seisidak antolatuta— egin zen asteazkenean, eta han aipatu ziren iritzi horietako asko. Gaian sakontzea garrantzitsua dela azaldu du EHUko Gizarte Psikologia Saileko kide Garbiñe Ortizek. «Andreengan, ezberdina da estigma», ohartarazi du. «Sexu transmisio bidezko gaitz bat den neurrian, ezberdina da».

Ahaztutako eskubideak

Izan ere, ebakitzea kosta egiten den hitza da oraindik sarri sexualitatea. Eta hori, garapenerako bideratzen diren laguntzetan islatzen dela uste du genero gaietako aholkulari Clara Murgialdaik, mintegiko beste hizlarietako batek. «Kairoko konferentzian, 1994. urtean, ebatzi zen garapenerako diruen %5 bideratzea sexu eta ugalkortasun eskubideak sustatzera», azaldu du. Xedea, ordea, errealitatetik oso urrun dago. «Gehienera ere, %1 bideratu da; eta EAEn egoera are larriagoa da», deitoratu du. Horren atzean, hainbat GKEren «izaera erlijiosoa» dagoelapentsatzen du Murgialdaik, eta sexualitatearekiko ikuspegi murriztailea: itxia.

Baina alorra lantzea ezinbestekoa dela gogorarazi du. «Generoen arteko desberdintasuna osasun arazo bat bihurtzen da», azaldu du. Andre askok, gizonen mende, sexu harremanetan babes neurriak hartu nahi badituzte ere, «negoziatzeko» aukera urriagoak dituztela ohartarazidu, eta ataka zailean egoten direla: «Eremurik intimoenean ere igartzen da desberdintasuna».

Erantzukizun «bikoitza»

Daniel Dalmau medikuak India eta Kenyako errealitatea islatu zuen, bereziki, bere hitzaldian. Bat dator hura ere, gainerako adituekin. Zamatsuagoa da, oro har, egoera andreentzat: «Gizonen egoera hobeto onartzen da. Andreek gehiago sufritzen dute estigma. Ama izateko gaitasuna dute, eta ematen du erantzukizun bikoitza ezartzen zaiela horregatik», azaldu du. GIB birusa sexu harremanen bidez kutsatzeak, halaber, sententzia gogorrak dakartza emakumeentzat gizartearen partetik, eta galtzekoa besterik ez dute gehienetan. «Herrialde askotan, andreek adulterioa egitea oso gaizki ikusita dago, eta gizonen kasuan, berriz, ez da horrela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.