Andreek bi aldiz istripu gutxiago dituzte gizonek baino

Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera, gizonek gutxiago errespetatzen dituzte abiadura mugak

jon olano
Donostia
2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoakogidarien %50ek ez dute sekula istripurik izan, eta ezta isunik jaso ere. Hala jasotzen da Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak gidarien jokabideei buruz eginiko ikerketan. Dena den, gidari hobeak dira emakumeak, gizonek baino bi aldiz istripu gutxiago baitituzte.

Amparo Lopez Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak eta Josu Sierra Zuzendaritza horretako Ikerketa arloko arduradunak atzo aurkeztu zituzten, Donostian, ikerketa horren ondorioak. Horien arabera, istripu gehien dituzten gidariak 25 urtetik gorako gizonezkoak dira, eta horien artean, abiadura muga gainditzea bezalako jokabide arriskutsuak dituztenak.

Soslai horren adierazle dira Sierrak emandako bi datu: lehenak dio gizonen %50i gehiegizkoak iruditzen zaizkiela abiadura mugak, baina emakumeen kasuan, %33ra jaisten dela kopurua. Bigarrenaren arabera, gizonek andreek baino bi aldiz gehiago gainditzen dituzte abiadura mugak. Gizonek ezbeharren bat izateko aukera gehiago dutela uste du Sierrak, ordu gehiago igarotzen baitituzte errepidean. Hala ere, argitu zuenez, gizonek eta andreek eginiko kilometro kopurua berdina izanda ere, gizonen ezbehar kopurua nabarmen handiagoa da.

Sakelako telefonoaren erabileraz eta drogen nahiz alkoholaren eraginaz ere aritu ziren. Gizonen %43k eta emakumeen%23k aitortu dute, noizbait alkohola edo drogak kontsumitu ondoren gidatu dutela. %75ek diotenez, ez dute sakelako telefonoa erabiltzen gidatzen ari direla.

Gazteek arrisku handiagoa

18 eta 24 urte bitarteko gidariek jokabide arriskutsu gehiago dituztela ere nabarmentzen du ikerketak. Gainera, nagusiek baino gehiago gidatzen dute gauez. Hala ere, nagusiek baino gazte gutxiagok gidatu dute noizbait alkoholaren edo drogen eraginpean. Nagusiek baino istripu gutxiago dituzte gazteek, baina bigarrenen ezbeharrak larriagoak izan ohi dira.

Lopezek gidariak zoriondu nahi izan zituen, %95ek segurtasun uhala edo kaskoa erabiltzen dutela aitortu baitzuten.2011n egin beharreko kontzientziazio kanpainak prestatzeko erabiliko dute informazio hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.