Pastor
DARWIN ETA GU

Andueza eta euskaldunaren aurpegia

2024ko martxoaren 2a
05:00
Entzun

Zer da euskaldun aurpegia izatea? Nork du euskaldun antza? Nolakoa da euskaldunen aurpegiera? Hauteskunde kanpaina batean fidagarriagoa da itxura batean euskal aurpegia duen politikaria halakorik ez duena baino?

Sabino Aranaren testuak aipatu dituzte hemengo eta hango unionistek, sarri. Hark plazaratu zituen irudi zaharkituak kritikatu dituzte: maketoen aurpegiera, tankera, janzkera eta ibilkera, euskotar garbienak ez bezalakoak. Euskal abertzaleei arrazistak, supremazistak eta abar deitu diete. Eta hara non orain Eneko Anduezak euskal itxurako aurpegiaren balioa aldarrikatu duen, harro aldarrikatu ere.

Mitin batean izan da, Barakaldon. Espainiako Gobernuaren bozeramaile Pilar Alegriak berba egin du han: «Eneko, Euskadiko lehendakari aurpegia jartzen ari zaizu, goitik beherakoa». Anduezaren erantzuna: «Ez dakit lehendakari aurpegia jartzen ari zaidan. Baina egia da neurez badudala euskaldun aurpegia, eta ez da abiapuntu txarra». Bingo! Gurin-opilak irabazi ditu Eibarko mutilak!

Denok dakigu ustezko euskal aurpegi hori zer den. Arketipo jakin bati lotua da, ustezko odol garbitasunaren irudi. Aurreiritziak: esne koloreko aurpegia ez zuena baltza zen, sudur eta belarrien tamainaren karikatura… Gogoratu Euskadiko Kutxaren egutegi eta kanpainetako argazki haiek: dantzariak, arraunlariak, Uztapide zaharraren erretratua eta beste. ETAko kide historiko bat, aspaldi hila, atzera begiratu eta 70eko urteetan Ipar Euskal Herrira joandako zenbait iheslariren jarreraz gomutatzen zen, irribarre maltzurrez: «Gipuzkoarrek nafarren kaskezurra neurtzen hastea besterik ez zuten falta».

Euskal aurpegia du Anduezak. Euskaldun garbia dugu. Harri-jasotzaile edo trontzalari baten begitartea duela esan balu, orduan ere pozik bera. Euskal aurpegia du Iñigo Urkulluk? Eta Arnaldo Otegik? Andoni Ortuzarrek? Koldo Garcia aizkolariak? Euskalduntasun fisikoaren sailkapeneko zer postutan jarriko lituzke Eneko Andueza jaun txit adituak? Pradalesek euskaldun aurpegia du? Eta Otxandianok? De Andresek? Eta Miren Gorrotxategik?

«Euskal aurpegia du Anduezak. Euskaldun garbia dugu. Harri-jasotzaile edo trontzalari baten begitartea duela esan balu, orduan ere pozik bera».

Ez dut pentsatu ere egin nahi zer izango zatekeen Garaikoetxea, Ardanza edo Ibarretxe horrela mintzatu balira hauteskunde garaian, txantxa antzean izan balitz ere: «Egia da neurez badudala euskaldun aurpegia, eta ez da abiapuntu txarra». Larrutu egingo zuketen hedabide unionistek. Zeren zain daude Anduezaren alderdikideak orain? Eta egunkari, irrati, telebista eta berri-agentzia horiek? Ez al zuten kazetari bat bera ere bidali Anduezaren mitinera? Edo nahita isildu dute hautagai sozialistak esana?

Ederra eman zioten Xabier Arzalluzi kazetari atzerritar ez-espainiar bati eginiko adierazpenengatik. EAJko buruak azaldu zuenez, kalean norbaiten aurpegia ikusi eta segituan zekien baskoa zen edo ez. Anduezak ildo horretako adierazpenak egin ditu ia 40 urte geroago, eta inork ez dio kargu hartu.

1997ko Aste Santuan Bretainia aldera joan ziren lau lagun, oporretan. Gau batean Ty Élise tabernara joan ziren, Plouie herrian. Bernard Walters Byn galestarra eta haren emazte bretoia lanean ari ziren bertan, buru eta bihotz. Taberna ezinbestekoa da, oraindik ere, kultura eta musika zeltikoak ezagutu nahi badituzu.

Atsegina zen Byn; bazuen jendetasunik. Bezeroekin hizketan jarduten zuen edariak eramaten zizkien bitartean. Lagun haiek euskaldunak zirela esan zioten. Gizonak begiak zorroztu zituen. «Euskaldun asko etortzen dira hona eta badakit nolakoak zareten. Zuek hirurok bai, euskaldunak zarete, baina zu ez». Tabernariaren ustez, zortzi euskal abizenak zituen pertsona bakarra ez zen euskalduna. Agian lagunak, hark berak gero ironikoki esanda, Rh positiboa duelako. Bernard Walters 2021eko otsailaren 20an hil zen. «Bretainiako galestar ospetsuena» deitu zion Ouest-France egunkariak biharamunean argitaratutako artikuluan.

Williams abizeneko bilbotar bat bozetan hautagaia balitz, euskaldun aurpegia ez duela esatera ausartuko litzateke Eneko Andueza?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.