Angeluko, Miarritzeko eta Baionako hiru ikastola itxi dituzte, bi ikaslek positibo eman dutela eta

Nafarroako zahar etxeetan COVID-19arekin kutsatutako inor ez dagoela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak. PCR probaren bidez beste zortzi positibo detektatu dituzte Hego Euskal Herrian.

Angeluko ikastolaren ataria, atxiboko irudi batean. SYLVAIN SENCRISTO / IPARLA
Irati Urdalleta Lete - Igor Susaeta
2020ko ekainaren 29a
10:49
Entzun

Angeluko (Lapurdi) ikastolako 4 urteko bi anaia bikik positibo eman dute COVID-19aren proban, eta Seaskak iragarri du, ohar batean, ikastola ixtea erabaki dutela. Gainera, Baionako Poloko Hiriondo ikastola eta Miarritzekoa ere (Lapurdi) itxi dituzte, eskolaz kanpoko garaian bertako ikasleekin eta gurasoekin kontaktua izan dutelako. Peio Jorajuria Euskal Irratietan adierazi duenez, Baionako beste ikastola, Oihana, zabalik dago. Seaskako lehendakariak lasaitasun mezua plazaratu du, eta nabarmendu du abagunerako protokoloa ezarri dutela Eskualdeko Osasun Agentziarekin batera.

Seaskak oharrean azaldu duenez, probak egingo dizkiete hiru ikastoletako langile guztiei, eta, eskolako azken astea izaki, hiru ikastolak itxiak egongo dira.

Ez dira eskoletara itzuli ondoren Euskal Herrian COVID-19aren ondorioz itxitako lehen ikastetxeak: ustez ikasle batek koronabirusa zuela eta, Donostiako Jesuiten ikastetxea itxi zuten, baina ikasleak negatibo eman zuen PCR proban.

Nafarroako zehar etxeetan, berriz, ez dago COVID-19arekin kutsaturiko inor, joan den larunbatetik. Hori nabarmendu du Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Giza Eskubideen kontseilariak, prentsaren aurrean egindako agerraldian. «Albiste oso ona da». Jakinarazi du, gainera, Giza Eskubideen Kontseilaritzak prest duela plan bat duela, molde horretako zentroetan izurriaren agerraldi bat gertatuz gero. Orain, zahar etxeetatik eratorritako bi pertsona daude ospitaleratuta Nafarroan.

Halere, «lasaikerian» ez erortzeko deia egin du Maeztuk. «Egin dugun lan guztiaren eta pandemiak eragin duen sufrikarioaren ondoren, ahalegin handiagoa egin behar dugu prebentzioan, agerraldi gehiagorik ez izateko». Azkeneko 20 egunetan Nafarraoko zahar etxeetan inor ez da hil COVID-19aren eraginez.

Beste zortzi positibo

Azken 24 orduetan PCR probaren bidez zortzi pertsonak eman dute positibo Hego Euskal Herrian: lauk Nafarroan, hiruk Gipuzkoan (Donostian hirurek), eta batek Araban, Gasteizen hain zuzen. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arabera, azken egunean 1.637 PCR test egin dituzte. Gaitzaren ondorioz pertsona bat zendu da azken orduetan Hegoaldean, eta ZIU zainketa intentsiboen unitatean zazpi gaixo daude. Joan den ostiralaz geroztik hamar pertsona baino gutxiago daude ZIUan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.