Emakumeak eta langileak dira nazioartetik Euskal Herrira iritsi diren etorkin gehienak. Jatorri askotarikoak eta ezberdinak izan arren, elkarrekin jardutea ezinbestekotzat jo dute askok. Euskal Herriko gizarteari ekarpenak egin nahi dizkiote, hemengoak izan ez arren, hemen bizi direlako eta etorkizuna ere hemen irudikatzen dutelako. Hausnarketa horrek elkartu ditu munduko hainbat txokotatik etorri diren emakumeak. Gogoeta egin dute euren egoeraz, eta etorkizunera begirako proposamenerako bideak ere jaso dituzte aurkeztu berri duten Elkarrekin eta anitzak liburuan. Ez da txosten bat osatu dutena, ezta proposamen bukatu bat ere. «Testu bizia» egin dute, Brujas y Diversas kolektiboko Josefina Roco Txefi argentinarraren arabera. «Etorkizunera begira hausnarketak egiteko tresna da».
Beren burua ikusaraztea ezinbestekoa dela uste du Rocok. Horregatik erabaki dute batzen dituzten ezaugarrietan indar egin eta aterpe berean elkartzea. Ozen diote: «emakume migratu langileak» dira, eta diskurtso komunak eraikitzea da euren helburuetariko bat. «Konplizitate bat partekatzen dugu, eta identitate batek elkartzen gaitu. Ez gara klase altuko emakumeak Euskal Herrira etorri garenak, eta gehienek zaintza lanak egiten ditugu, etxe barruko lanak, alegia».
Dioenez, errealitate horrek zuzenean baldintzatzen du emakume horien diskurtsoa, baita gizarte gaietan egiten dituzten proposamenak ere. «Askotan uste dugu arazoa indibiduala dela, guri bakarrik gertatzen zaigula. Baina elkargune horietan konturatu gara andre migratu askok partekatzen ditugula arazo berdinak. Eta arazoa ez dela indibiduala, baizik eta estrukturala: soziala eta sistemarena berarena».
Elkartu eta ahaldundu nahi dute. 1970eko hamarkadako AEB Ameriketako Estatu Batuetako feministen kasua ekarri du gogora Rocok horretarako. Emakume beltzak terminoa erabili zuen mugimenduak ahalduntzeko. «Kolektiboa iraintzeko erabiltzen zen kontzeptu hori, baina irauli eta bandera gisa erabili zuten feministek». Hori da, hain zuzen, Euskal Herrian bizi diren emakume etorkin eta langileek bultzatu nahi izan dutena. Horregatik beren buruaren definizio hori: emakume migratu langileak.
Ezagutu eta ezagutarazi
Euskal Herriko errealitatea ezagutu eta beren egoera ezagutzera ematea da kolektiboaren erronka nagusia, Rocok azaldu duenez: «Euskal Herrian gaudela onartu eta parte aktiboa izan nahi dugu bertan. Herri bakoitza ezberdina da, eta Euskal Herriak berezitasun propioak ditu. Hemen bizi garen heinean aitortu egin behar ditugu berezitasun horiek guztiak». Baina alderantzizko aitortza ere beharrezkotzat du. «Gu aitortzeko moduak ere aurkitu behar ditugu. Bertako borroka eta kulturak aintzat hartu eta dauden dinamiketan parte hartu behar dugu». Eta hala abiatu zuten mugimendua. 2014an, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunean ekarpenak egiteko erronka hartu zuen Brujas y Diversas kolektiboak. «Garrantzitsua iruditu zitzaigun eztabaida prozesuan emakume migratu gisa parte hartzea. Gaur egungo egoera sozioekonomikoak kolektibo horri nola eragiten dion aztertzeko».
Eskubide sozialen murrizketek eta lan prekaritateak zuzenean jo du kolektiboa, eta Rocok oinarrizkotzat jo du bizipen horiek guztiak jasotzea. «Gaur egungo gizarte eredua eraldatu nahi baldin bada, beharrezkoa da egiten diren diagnostikoetan herri sektore guztiak aintzat hartzea. Hortik abiatu ezean, hutsuneak izango dira gero proposamenetan». Azterketa hori du oinarrian orain kaleratu duten liburuak. Krisia izan du abiapuntu. Egun gertatzen den oro azaltzeko erabiltzen da krisi hitza Rocoren arabera. Eta edukiz hustu da horregatik. «Zaila da argi adieraztea krisi hitzak zer esan nahi duen, eta are zailagoa krisiak sektore herritarrengan zer eragin izan duen aztertzea». Argi du arazoa ez dela mugatzen ekonomia edo finantza arlora: «Egoera askoz larriagoa da. Ez gaude krisi batean, krisiak daude: pluralean. Askotarikoak dira, eta eragin zuzena dute emakume migratu langileen eguneroko bizitzan».
Egin du deskribapena Rocok: «Bizirik irauteko, lan ezegonkorrak, ezkutukoak eta gutxietsiak onartzera behartuta daude emakume migratuak». Enpleguak baldintzatzen du familiei dirua bidali ahal izatea. Baina ez ditu lanak soilik kezkatzen. Norberarentzako denbora eta norberarentzako espaziorik gabe egonda sortzen diren zailtasunak aipatu ditu Rocok, esaterako. «Orokorrean gertatzen da, baina egoera larriagoa da Euskal Herrian denbora gutxiago daramaten emakumeentzat. Administrazio egoera irregularrak eta atseden hartzeko denbora gabeziak mugatu egiten ditu haien autonomia eta buruestimua». Nortasun krisiak ere kezkatzen dituela aitortu du argentinarrak. «Euskal gizartearen zati sentitzeko hizkuntza, kultura eta erlijio aniztasuna onartzea funtsezkoa dela diote emakume etorkinek».
Gizartearen zaintzaile
Baina zaintza lanetan dagoen krisian egin du indar gehien argentinarrak. Gero eta zaharragoa da gizartea, eta edadetuak zaintzeko eskaria gero eta handiagoa da, ondorioz. Emakume migratuek hartzen dute lan hori, askotan, lan baldintza kaxkarretan. «Administrazioak konpontzen ez duen zaintzaren arazoa konpontzen dute emakume migratuek». Krisiak zaintza zerbitzuen prekarizazioa ekarri du, diru laguntzak murriztu eta lan baldintzek okerrera egin dutelako. «Pertsona bakarra zaintzen zuenak bi edo hiru zaintzen ditu orain. Gizarte honetan zaintza rol oso garrantzitsua ari dira betetzen». Euskal gizartea zaintzen dute emakume migratuek. Baina bada partekatzen duten kezka bat: nork zainduko ditu haiek momentua iristean? Ezkutuko ekonomian daude asko, eta, ondorioz, zaintza zerbitzuak jasotzeko aukera murritza dute.
Krisia jarraika dutela sentitzen dute emakume etorkinek. «Bestelako krisietatik ihesi iritsi dira hona. Arpilatze krisitik ihesi, ekonomia krisitik ihesi, baita genero indarkeriatik ihesi ere». Ez du horrek esan nahi ezinbestean ezkor direnik, ordea. Roko: «Andreon ibilbide edo historian krisiak aukerak ekarri dizkie. Posible ikusten ez zituzten egoerak, sareak zein kulturak ezagutu dituzte». Ahalduntzeko eta ikasteko prozesu gisa ikusten dute gaur egungo egoera ere.
Baina badira arantzak ere: «Gure bizitza gehienak ez datoz bat bizi nahi ditugun bizitza ereduekin». Hori baita egungo egoera aztertu ostean andreek atera duten ondorioa. Eta egoera horretan ahalduntzearen ideia azpimarratu du berriro Rocok. «Emakume migratuek biktimatzat bezain erantzuletzat dute beren burua. Badakite beren bizimodua ez datorrela bat nahi duten bizimoduarekin, eta horra iristeko pausoak ematea norbere esku ere badagoela».
Horretarako, ordea, ezinbestekoa da kolektiboarekiko aurreiritzi eta estereotipoak haustea. Lan egingo dute horretarako: «Beren burua ezagutzera ematearekin batera eta egiten dituzten lanak publikoki agertzearekin batera, desagertu egiten dira gizarteak dituen aurreiritzi horiek». Euskara ere zubi gisa kokatzen dutela azaldu du. Baina elkargune izan daitekeen arren, hizkuntza ikasteko baliabideak eskaintzea beharrezkoa dela dio. Praktika horretan ari da Roco bera ere, euskalduntzen ari baita.
Sareak eraiki nahi dituzte orain. Egin duten lana ezagutzera eman eta Euskal Herriko mugimendu feministekin harreman iraunkorrak izateko asmoa dute. Emakume migratu langileak elkartzeko lehen urratsa egin dute, baina oraindik ere lan handia dute egiteko. Roco: «Beste fase bat hasiko dugu orain. Testua paperetik atera eta bizia eman behar diogu».
Aniztasunak elkartu, elkarrekin jarduteko
'Elkarrekin eta anitzak' liburua osatu dute elkarlanean Euskal Herriko hainbat emakume etorkinek. Euren egoeraren berri eman eta Euskal Herriko gizarte ekimenetan ekarpena egitea da lanaren helburua. Diotenez, «testu bizia» osatu dute, hausnarketa abiarazteko lehen urratsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu