Azken ordukoa

Anjel Figueroa gaixo zegoen preso algortarra hil da

Gaixotasun larri bat zuen, eta horren ondorioz etxean ari zen zigorra betetzen, 2008tik, espetxealdi arinduan. 41 urte zituen. 1994tik zegoen preso, eta haurtzarotik gaixotasun larria izan arren, hainbat espetxetan egon zen sakabanaketaren ondorioz. 1997an bere senideek istripua izan zuten Alcala-Mecora bisitatan zihoazela eta Antonia Hernandez amona hil zen. Pasa den abenduan bi aldiz eraman behar izan zuten Figueroa ospitalera gaitzaren ondorioz. Etxerat-ek nabarmendu du etxean egon arren preso zegoela, "ez ziotelako askatasuna eman".

2013ko martxoaren 14a
19:03
Entzun

Angel Figueroa preso algortarra gaur arratsaldean hil da, etxean. 41 urte zituen. Gaixotasun larria zuen, eta horren ondorioz 2008an Langraizko espetxetik atera eta etxean ari zen zigorra betetzen. BERRIAk heriotza baieztatu ahal izan du. Bihar egun guztian zehar Getxoko Sarria tanatorioan egongo da Angel Figueroaren gorpua.

Etxeratek nabarmendu du etxean egon arren preso zegoela Figueroa, ez ziotelako askatasuna eman. Espetxealdi arinduan zen. 2008an hainbat mobilizazio izan ziren aske utz zezaten eskatzeko.

Haurtzaroan sukar gaitz batek epilepsia tenporala eragin zion Figueroari, eskuinaldeko esklerosi mesialarekin. 1994an atxilotu zuten, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak 67 urteko espetxe zigorra ezarri zion ETAko kide izateagatik, eta sakabanaketak hainbat espetxetan egotera eraman zuen: Alcala-Meco, Dueñas eta Kordoba, tartean.

Istripua, bisitara bidean

1997an Figueroa Alcala-Mecora bisitatzera zihoazela, horren senideek istripua izan zuten eta Antonia Hernandez amona hil zen, Aranda de Dueron (Burgos, Espainia). Horrez gain, Figueroaren ama, aita eta aitona ere bazihoazen autoan. Emilio Hernandez aitonak ere zauri larriak jasan zituen.

2005ean bere senideek beste istripu bat izan zuten espetxera bisitan zihoazela. 2007an gose eta egarri greba egin zuen Figueroak espetxean bizi zuen egoera salatzeko. Pasa den abenduan bi aldiz eraman zuten ospitalera gaitzak eragindako bi epilepsia saio jasan ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.