Armak uzteko ETAren erabakiari erantzuna eman dio nazioarteak, ETAk iragarpena egin eta biharamunean. Albistea jakin bezain pronto hasi ziren politikari eta erakundeen lehen erreakzioak; hala ere, atzoko utzi zituzten gehienek erabakiaren inguruan esan beharrekoak. «Historikotzat» jo dute gehienek. Dena den, aurretik egiteko lan asko dagoela ohartarazi dute.
Bertie Ahern, Irlandako lehen ministro ohi eta Aieteko ebazpenaren sinatzaileetako bat, ETAren iragarpenetik harago joan da, eta hemendik aurrera egin beharrekoen inguruan hitz egin du. «Hurrengo pausoek adiskidetzea bultzatzearen gainekoak izan behar dute; biktimen auzia hartzen eta onartzen ahalegin serioa egin behar da, kalte pertsonal eta gizarte kalteak sendatzeko». Horrez gain, landu behar diren beste hainbat auzi daudela gogorarazi du; hala nola «presoen ingurukoak, inguruaren desmilitarizazioarekin lotutakoak eta alderdi politikoen eskubide demokratikoak errespetatzearen, onartzearen eta berdinta-sunean tratatzearen ingurukoak».
Ahernekin batera, Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohiak ere sinatu zuen Aieteko ebazpena. Annanek «akordio zehatzak eta horiek ezartzeko mekanismoak» eskatu ditu. Donostiako bilerak «gatazka luze eta odoltsu bat amaitzen» lagundu zuela gaineratu du. ETAren gatazkaren amaiera «elkarrizketaren eta bakearen garaipen» gisa definitu du Annanek, eta orain datorrena «lan zaila» dela. «Bake iraunkorra lortzeak erabakitasuna, luzerako konpromisoa eta borondate politikoa» eskatzen ditu.
Kanada, zuhurtziaz
Atlantikoaren beste aldetik ere heldu dira erreakzioak. Etxe Zuritik «pauso historikotzat» jo dute ETAk armak behin betiko uztea; dena den, «hori egia izateko, oraindik bide luzea» geratzen da, haien ustez. Bill Clinton AEBetako presidente ohiaren iritziz, ETAk indarkeriari uko egin izanak «Europako azken borroka armatuaren kaltetuek bizitza hobe bat izan dezaten lagun dezake». Horrekin batera, «pauso garrantzitsu hori emateko» deia egin dio ETAko buruzagitzari.
Kanadako Gobernuak zuhurtziaz hartu du ETAren erabakia. «Hitzak gauza bat dira; ekintzak beste bat. Espero dugu ETAk hitzak ekintzekin babestea», adierazi du John Baird Atzerri ministroak. Azken urteetan ETAko ustezko hainbat kide bidali ditu Kanadak Espainiara. «Indarkeria mota guztiak argi eta garbi gaitzestea eta demokraziarekiko eta bakearekiko konpromisoa hartzea pauso garrantzitsuak lirateke».
Europako Batzordeak ere eman du bere iritziaren berri, Durao Barroso presidentearen bitartez. «Pozik sakonena» agertu du erakundearen eta bere izenean, eta ziklo baten amaiera dela azaldu. «Momentu historikoa da, Espainiako gizartearen urteetako beldur eta erasoak amaitzen dituena. Urteetan terrorismoaren aurka egindako etengabeko ahaleginaren gailurra da». Horrekin batera, «Espainiako herritarrak eta erakunde demokratiko guztiak» zoriondu ditu, eta «ETAren terrorismoaren biktimei eta euren familiei babesa eta elkartasuna» adierazi die.
Cecilia Malmstrom EBko Barne komisarioa bat etorri da Barrosoren adierazpenekin, erabakia historikotzat joz. «Orain jarduera armatuaren behin betiko etena praktikan jarri behar da prozesu sinesgarri eta egiaztagarri batekin».Thorbjorn Jagland Europako Kontseiluko idazkari nagusiak, bestalde, bat egin du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearen hitzekin: «Demokraziaren garaipena da. ETAren iragarpenak erakusten du terrorismoak ezin duela inoiz irabazi. Gizarte batek ezin du askea izan terrorismoa presente badago, eta Espainiak indarkeria terroristaren ondorioak jasan ditu urte askoan».
AIk Espainiako Gobernuari
AI Amnesty Internationalek «giza eskubideentzako aukera» gisa hartu du erabakia, eta Espainiako Gobernuari mezua igorri dio: «Espainiako Gobernuak legedia berritzeko eta legediaren urratzea eragin edo urratzera lagundu duten terrorismoaren aurkako praktikak berritzeko aukera da». Nicola Duckworth erakundeko buruak adierazi duenez, «momentua da Espainiako Gobernuak berma dezan giza eskubideen aurka egindako urratzeengatik segurtasun indarrei erantzukizunak eskatuko dizkiola». Horrekin batera, «alderdi politikoen legean dauden anbiguotasunak kentzeko» deia egin dio Espainiako Gobernuari, «pentsamendu eta adierazpen askatasuna, elkartze eta bilkura askatasuna urra ditzaketenak».
ETAren jardun armatuaren amaiera. Erreakzioak
Annan: «Akordio zehatzak behar ditugu»
Nazioarteak historikotzat jo du ETAren iragarpena; hala ere, egiteko asko dagoela ohartarazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu