Koronabirusa

Antigeno testak, amaituta

Euskal Herriko farmazia gehienetan zaila da antigeno probak aurkitzea, eta ez dakite noiz jasoko dituzten gehiago. Gabonetako topaketei begira dozenaka erosi ditu jendeak.

Biltegietan ere aztertzen ari dira antigeno testak nola lortu. FERNANDO VILLAR / EFE.
Maite Asensio Lozano - Oihana Teyseyre Koskarat
Bilbo Baiona
2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kutsatzeen goraldi betean, PCR probetarako itxaronaldia luzatzen ari denean, autodiagnostikoa ere zailtzen ari da. Antigeno testak inoiz baino premiazkoagoak dira, baina agortuta daude Euskal Herriko toki askotan. «Ostiraletik ez daukagu ezer», dio Maitane Azkonak. Bilboko erdiguneko botika batean egiten du lan, eta kazetariarekin izandako solasaldi laburrean bi lagunek eskatu dizkiote testak. «Jende askok galdetzen du, hemen edo telefonoz. Ez dago testik inon. Eta ez dugu aurreikusten gehiago ekarriko dituztenik abendu amaierara edo urtarrileko lehen astera arte».

Uribarriko farmazian kartela jarri behar izan du Saioa Castrok, testik ez dagoela adierazteko: «Etengabe sartzen baitira galdezka». Han astelehenean amaitu zitzaizkien. «Eskatu ditugu, baina ez dakigu noiz ekarriko dituzten». Arazoa orokorra dela azaldu du Miguel Angel Gastelurrutia Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoko presidenteak: «Tarteka gutxi batzuk iristen dira. Atzo hogei test heldu zitzaizkidan, eta ordu laurdenean saldu nituen».

Baionako farmazietan ere ia ezinezkoa da autoprobak erostea. Espainia karrikako biak gabe gelditu dira. Langile batek azaldu du ostiralean ehun eskuratu zituztela, eta denak egunean saldu zituztela: «Geroztik, ez dizkigute ekarri». Parekoan, antzera: «Jendeak autoproba eskatzen digu, baina, jada ez dugunez, antigenoak egiteko lekuetara bidaltzen ditugu». Eta antigenoak egitea ere, zail: sarean hartu behar da ordua, eta farmazia gutxik eskaintzen dute urtarrila aitzin ordurik.

Biltegietan ere lanean ari dira testak lortzeko. Gastelurrutiak aipatu du aztertzen ari direla «behin-behinean» merkaturatzea laborategietako antigeno test profesionalak, edota erabilera orriak atzerriko hizkuntzetan dituztenak. «Bestela ez lirateke salgai jarriko, baina orain eskaera handia dago». Gabonetako bazkari-afariekin lotu dute. «Senideekin edo lagunekin elkartu baino lehen egiteko, hamarnaka eraman dituzte», esan du Castrok.

Eta, halakoetan, baliagarriak al dira antigeno testak? Gastelurrutiak ohartarazi du emaitzak ondo interpretatu behar direla: «Karga biral handia dagoenean ematen du positibo: sintomak agertu baino bi egun lehenago, eta sintomak agertu osteko bost-sei egunetan. Kutsatu osteko lehen bi egunetan ez dute positibo ematen; beraz, komeni da test bat egin eta bi egunetara beste bat egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.