Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Bozen ondorena

Antiguedad: «Ez zaio beldurrik izan behar botereari»

PPk Amaiurrekin hitz egin nahi ez izatea «bere testuinguruan» aztertu beha dela dio, Raxoik «presioak» dituelako

Erredakzioa
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Egungo egoera «inoiz baino hobea» dela adierazi du Iñaki Antiguedad Amaiurreko diputatu hautatuak. Ezkerreko subiranistak «olatu on baten gainean» daudela adierazi du, eta «boterera iristeko» erabil daitekeela egoera. Hala, esan du «ez zaiola beldurrik izan behar botereari». Batzuk «urduri» egon daitezkeela azaldu du, baina «ardura politikoak» urduritasuna gainditu behar duela, «bakoitzak bere autokritika» eginez.

Mariano Raxoi PPko buruak hartutako erabakia salatu du, halaber. PPk Amaiur harreman bileretatik kanpo uzteko asmoa «kolpe» bat izango dela adierazi du, eta salatu egingo dutela «jarrera obstrukzionista» hori. «Ze demontre da ba Espainiako demokrazia erregeak bai baina Mariano Raxoik hartzen ez bazaitu? Bonolotoa ere demokratikoagoa da batzuetan».

Hala eta guztiz ere, PPren erabakia «bere testuinguruan» aztertu behar dela adierazi du Antiguedadek, Raxoik «muturreko sektoreekin barne arazoak» izango dituelako eta lehen egunak «erotzekoak» izan daitezkeelako harentzat. «Ez bagaituzte aintzat hartzen, kritikatu egingo dugu, baina ez gara haserretuko».

Amaiurrek talde parlamentario propioa izango duen zalantzen inguruan, «irakurketa politikoa» dagoela salatu du Antiguedadek. PP barneko sektore batzuek koalizioak talde propioa ez lortzeko «interes asko» dituztela jakinarazi du. PPk Amaiur talde parlamentario gabe uztea erabakiz gero, egoera baliatzearen alde agertu da koalizioko kidea. «Neurri batean sinbolikoa da taldea izatea. PPren esku dago Amaiurren taldea onartzea, eta ez balu onartuko, politikoki ahalbidetu ahal izateko irakurketa bat egin beharko genuke, Euskal Herrian eta Europan PPren gobernuak hartu duen lehen neurria hori izan dela azalduta».

«Eskandalu demokratikoa»

Sabino Cuadra Amaiurreko hautetsia ere talde parlamentario propioa lortzearen alde agertu da. Haren aburuz, eskandalua litzateke Amaiur talderik gabe uztea: «Ez dira 333.000 pertsona marjinatuko, eskandalu demokratikoa litzateke hori». Koalizioko kideak «baikor» direla adierazi du, eta uste du Amaiurrek «dagozkion eskubide guztiez gozatu» ahal izango duela Espainiako Kongresuan. PPren jarrera kritikatu du Cuadrak, hala ere. «PPren gobernuak eman dituen lehen pausoak adeitsuak eta hezibide onekoak ez izateaz gain, antidemokratikoak dira zalantzarik gabe». Gizarteak Amaiur «saritu» egin duela uste du, eta Nafarroan UPN-PPren aurkako «alternatiba garbia» dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.