genero indarkeria

Antiju Morik taldeak gaur protestara deitu du Oiartzunen izan den sexu erasoa salatzeko

Neska bati eraso diote jaietan, eta 39 urteko gizonezko bat atzeman dute. Udalak bat egin du protestarekin.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko abuztuaren 8a
15:25
Entzun

Jaietako azken eguna zuten herenegun Oiartzunen (Gipuzkoa), eta emakume bati eraso egin zioten goizaldera, udalak azaldu duenez. Ohar baten bidez jakinarazi du goizaldera gertatu zela erasoa, eta elkartasuna agertu die andreari eta haren ingurukoei. Ustezko erasotzailea goizaldean bertan atxilotu zuten Oiartzungo udaltzainek. Auzitegiko diligentziak-eta egiteko ahalmenik ez udaltzaingoak, eta Ertzaintzak egin du auzitegira arteko bidea.

Atzo eguerdian eraman zuten ustezko erasotzailea epailearen aurrera; ez dute zehaztu aske utzi ote zuen. Antiju Morik talde feministak protestara deitu du gaurko, eta bat egin du herriko etxeak: hitzordua 19:30erako jarri dute. Parte hartzera dei egin diete herritarrei. Oarsoaldeko Udalek, Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak eta Pasaiko Emakumeen mahaiak ere Oiartzungo Udalaren gaitzespenarekin bat egin dute, eta Antiju Morik taldeak deitutako elkarretaratzean izango direla jakinarazi dute.

"Kolpatu eta lurrera bota zuen"

Gertatutakoari buruz ez du xehetasun gehiago zabaldu Oiartzungo Udalak. Polizia iturrietatik BERRIAk jakin ahal izan du 39 urteko gizonezko bat dela atxilotutakoa. 05:00ak aldera hartu zuten preso, andreari eraso ziolakoan. Lekuko batzuek kazeta honi agertu diote kalean bertan eraso ziola gizonak andreari, eliza inguruan. Kolpatu egin zuen lurrera botata, eta lekuan bertan atzeman zuten udaltzainek. Festan zen jendeak ikusi zuen nola ari ziren emakumeari eraso egiten, eta udaltzaingoari abisu eman zioten.

Jarrera horregatik zorionak eman dizkie herritarrei Oiartzungo Herriko Etxeak. "Herriko gazte jakin batzuek eduki zuten jarrera txalotu eta eskertzen du udalak".

"Ardura soziala eta politikoa"

Horrelako erasoei aurre egin beharra guztien egitekoa dela berretsi dute, nolanahi ere. "Herritar guztientzat gozagarri izango den jai giroa aldarrikatzen dugu". Aurreko urteetan sexu erasoak izanak dira festetan. "Oiartzungo herriak ez du onartuko halako jarrera eta gertaerarik", dio udalak.

Erasoa gaitzesteko, oiartzuarrei dei egin diete gaur iluntzeko elkarretaratzean parte hartzera. "Ardura soziala eta politikoa" hartzea ezinbestekoa dela ohartarazi du herriko etxeak. "Hori izango da bide bakarra emakumeen kontrako indarkeria bukatzeko".

Goizaldeko erasoaren harira atxilotutako gizonari "dagozkion ondorioak" ezartzeko eskatu dute oharrean. Polizia iturriek jakinarazi dute genero indarkeria delitu bat leporatu diotela atxilotuari. Uste izatekoa da, beraz, bikote harremana dutela andre-gizonek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.