Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte apirilaren 5ean, eta Ahal Dugu-n abian da Jaurlaritzarako lehendakarigaia aukeratzeko prozesua. Lehia horretan ari dira Rosa Martinez eta Miren Gorrotxategi; aurrenekoak Lander Martinez Ahal Dugu-ko Euskal Autonomia Erkidegoko idazkari nagusiaren babesa dauka, eta bigarrenak, Madrilgo zuzendaritzarena.
Testuinguru horretan, Guztion Aukera hautagaitzak, Rosa Martinez buru duenak, jakinarazi du Ahal Dugu-ren zirkuluen %83ren babesa eskuratu duela primarioen prozesuan. Horrek erakusten du, hautagaitzaren arabera, Martinezen hautagaitzak «oinarrietan duen babesa». Martinezek azaldu du abalen emaitzek aukera ematen diotela primarioen prozesuan «energia, ilusio eta gogo handiagoz» jarraitzeko.
Bermeak jasotzeko epea igandean amaitu zen. Babes nahikoa jaso duten hautagaitzak asteazkenean proklamatuko dituzte, eta ostegunean hasiko da kanpaina, hilaren 25era bitartean. Otsailaren 27an jakinaraziko dituzte emaitzak.
Ezkerreko aliantzak helburu
Gorrotxategik azaldu du 150 abal pertsonal beharrezkoak direla primarioetan aurrera egiteko, eta bere hautagaitzak hiru bider gehiago eskuratu dituela: 450 inguru. Gaineratu du apirilaren 5eko emaitzak edozein direla ere bere helburua izango dela «aldaketa politikorako bide progresista bat adostea» eta, bide horretan, EH Bildurekin eta PSE-EErekin aliantzak egitea: «Hauteskundeen biharamunean hots egingo diet, minutu bat itxaron gabe».
Xede horren adibide gisa aipatu ditu Elkarrekin Podemosek Errenterian EH Bildurekin eta Irunen PSErekin (Gipuzkoa) eginiko hitzarmenak; hain justu, Ion Collar Errenteriako alkateordea eta David Soto zinegotzia Gorrotxategiren zerrendetan aurkeztuko dira.
Era berean, Gorrotxategiren asmoa da EAEko Ahal Dugu-n «batasuna» lortzea, eta berriro ere eskua luzatu dio Martinezi bere hautagaitzan —Zubiak— txertatzeko Guztion Aukerakoak.
Antikapitalistak, gogoetan
Ahal Dugu-k Ezker Anitzarekin eta Equorekin adostu beharko ditu gero zerrendak, Elkarrekin Podemosen koalizioan aurkeztuko baitira hiru indarrak. Haatik, eremu politiko horretatik kanpo geratuko dira Antikapitalistak. Podemos eta Ahal Dugu sortu zirenetik, horien barne ildo gisa funtzionatu dute, baina kritiko agertu dira azken aste eta hilabeteetan; abenduan jakinarazi zuten EAEko Ahal Dugu-n zituzten kargudun organiko guztiek dimisioa aurkeztu zutela, eta kexu agertu ziren Elkarrekin Podemosek 2020rako aurrekontuak ahalbidetzeagatik. Horrez gain, Podemosek PSOErekin gobernatzeko erabakiak pitzadurak sortu ditu sektore horren eta ofizialaren artean.
Horren ondorioz, Miguel Urban Antikapitalistetako ordezkari eta europarlamentariak adierazi du sektore horrek «norabidea birpentsatu» behar duela: «Pentsatu behar dugu nola berreraiki ezker politiko eta soziala epe ertainera eta luzera». Horregatik, iragarri du Antikapitalistak ez direla aurkeztuko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara.