Antolakunde politiko berria astelehenean aurkeztuko du ezker abertzaleak Bilbon

Lokarrik antolatu du ekitaldia, eta eragileen ordezkaritza zabal bati bidali dizkio gonbidapenak

Legeztatzea eskatzeko ekimena egin zuten Bilbon, abenduan. L. J. / ARP.
jokin sagarzazu
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak datorren astelehenean aurkeztuko ditu antolakunde politiko berriaren estatutuak, Bilbon, eta aste horretan bertan, asteazkenean ziurrenik, Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioan erregistratuko du marka politiko berria. Bizkaiko hiriburuko Euskalduna Jauregian izango da jendaurreko aurkezpena, 11:00etan. Rufi Etxeberria ezker abertzalearen bozeramaileak antolakunde berria osatzeko arrazoi politikoak azalduko ditu, eta Iñigo Iruin abokatuak alderdiaren estatutuen xehetasun juridikoak.

Lokarrik antolatu du ekitaldia, eta bertan izan daitezen gonbidapenak igorri dizkie eragile sozial, politiko eta sindikalei. «Estatutu horien edukiaren garrantzia ezagututa, eta horien inguruan indar politiko honek [ezker abertzaleak] eman asmo duen azalpen politikoaren ezaugarri nagusiak ezagututa, Lokarrin iritzi genuen aurrekaririk gabeko tamainako gertakari politiko baten aurrean egon gintezkeela, eta ondoko proposamena egin genien alderdi berriaren bultzatzaileei: bai estatutuak eta bai horien azalpen politikoa Euskal Herrian aurkez ditzatela, euskal politikagintza eta gizartearen ordezkaritza kualifikatu baten aurrean, Madrilen aurkeztu aurretik», azaldu du Lokarrik eragileei bidalitako gonbidapenean.

Gutunean nabarmendu duenez, bakea lortzeko bidean «garrantzizko urratsa» izan daitekeelako antolatu du «ezohiko ekitaldi» hori. «Lokarriren sortze-helburua Bakea lortzea da, abiabide erresolutiboaren ildotik. Gure ustez aipatutako edukiak bereziki garrantzitsuak izan daitezke ikuspegi honetatik».

Onda Vasca irratian eginiko adierazpenetan, Paul Rios Lokarriko bozeramaileak baieztatu duantolakunde berriaren estatutuak ezagutzen dituela eta, haren irudiko, «legezkoak» direla nabarmendu du.

Azaroaren 27an Iruñean ezker abertzaleak egindako ekitaldian azaldutakoaren arabera, egungo legeria beteko dute estatutuek; alderdi berri horrek autonomia osoarekin jardungo du, «interferentzietatik eta inongo menpekotasun edo baldintzatzetik libre», eta helburu politikoak lortzeko «indarkeriaren erabilpena edo erabilpenaren mehatxua errefusatu» egingo du.

Orain arte Espainiako Gobernuak, alderdi sozialistak eta estatuko fiskal nagusiak nabarmendu dute ezker abertzaleak ez dituela betetzen legeztatzeko baldintzak. Ideia hori berretsi zuen atzo Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak. Haren ustez, «ez da nahikoa orbanik gabeko estatutuak aurkeztea». Batasunaren legez kanporatzea berretsi zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiari erreferentzia eginez, Pastorrek adierazi du legezkoa izateko beharrezkoak direla «bestelako jarrerak eta jokaerak».

Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak ere hitz egin zuen atzo gaiari buruz. Ezker abertzaleari esan dio ETAri planteatu behar diola «jarduera terrorista baztertzeko». «Zergatik daude estatutuen zain? Zergatik ez dute esaten? Zergatik ez diote ETAri galdegiten jarduera terrorista behin betiko uztea?». Ezker abertzaleko kideek adierazpenak aski dituztela eta «erabakiak hartu» behar dituztela adierazi du.

Bihar elkarretaratzeak egingo dira herrietan, ezker abertzalearen legeztatzea eskatzeko, eta 19an manifestazio nazionala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.