Espainiako ejerzitoko koronel ohia, zuzenbide militarrean aditua eta frankismo garaiko hamaika kontseilu gerratan diktadurako ordezkaria izan zen Antonio Troncoso de Castro. Frankismoaren krimenen aurkako kereila aurkeztu dutenek Maria Servini epaile argentinarraren aurrean salatuko dute. Burgosko prozesuan heriotz zigorra eskatu zuen koronel ohiak Andoni Arrizabalagarentzat. Hain zuzen ere, prozesu horren harira jarri dute kereila Ignacio Garcia Arramberrik eta Jon Arrizabalagak. Euskal apaizen aurkako prozesu bategatik kereila jarri dutenak Alberto Gabikagogeasoa, Josu Naberan eta Xabier Amuriza dira.
Bestetik, Manuel Laspiurrek jarritako kereilari erantzunez, Francisco Tercero Muñoz Soriako espetxeko zuzendari ohia salatuko dute.
Carlos Rey —hamaika kontseilu gerratan parte hartu zuen kapitain ohia— eta Jose Manuel Lorenzo de la Fuente —Soriako eta Cordobako espetxeetako zuzendari ohia— ere salatuko dituzte Servini epailearen aurrean.
Bestalde, Espainiako Auzitegi Nazionalak hurrengo ostegunean aztertuko du Argentinako Maria Servini epaileak Jesus Muñecas guardia zibil ohia estraditatzeko eginiko eskaera; aste bat geroago, Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño polizia ohiarena. Saio horietan, Argentinako Gobernua aurkeztuko da; horretarako, abokatu baten bila ari da enbaxada. Orain arte, auzi saioetan soilik fiskaltza eta inputatuen abokatuak egotea espero zen. Carlos Slepoy abokatuak esan du Argentinako Estatuaren presentziak bermatuko duela herrialde horretako justiziaren eta kereila jarri dutenen ahotsa egotea. Slepoyren arabera, Argentina ordezkatuko duen abokatuak polizia ohiak estraditatzeko edo epaitzeko eskatuko du.