Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Batasunaren auzian hartutako epaia hartu du erreferentzia gisa EAE-ANVren kasua aztertzean. Ildo beretik, nahiko frogatutzat jo du ANVren legez kanporatutako zerrendek Batasunaren jarduera jarraitzeko asmoa zutela. Halaber, tribunalak aintzat hartzen du egoera politikoa nabarmentzeko «zenbait autonomia erkidegotako parlamentuetan izaera independentista duten alderdi politikoak» daudela. Hortik ondorioztatu du baliogabetzearen helburua ez zela «ideia separatisten adierazpen oro debekatzea».
Gogoratu behar da, 2007ko udal eta foru hauteskundeetan, Espainiako Fiskaltzak eta Estatu Abokatuak EAE-ANVren 133 zerrenda baliogabetzea eskatu zutela, eta lehenik Auzitegi Gorenak eta bigarrenik Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zituztela. 125 udal zerrendak izan ziren, zazpi Batzar Nagusietarako hauteskundetakoak eta bat Nafarroako Parlamenturako. ANVren hainbat zerrendaren kontra ez zuten helegiterik jarri ez Fiskaltzak ez Estatuko Abokatuak, eta aurkeztu ahal izan ziren hauteskundeetan. ANVren legezko zerrendek 94.718 boto eskuratu zituzten udal hauteskundeetan, eta boto baliogabeen kopurua 97.058koa izan zen.
Hauteskunde libreak
EAE-ANVren defentsa lau abokatuk ordezkatu dute auzi honetan: Iñigo Iruinek, Adolfo Araizek, Didier Rougetek eta Urko Aiartzak. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean jasotzen diren eskubideen urraketa salatu zuten abokatuek Estrasburgoko Auzitegian. Zehatz-mehatz, lehen protokoloaren 3. artikulua -hauteskunde libreak izateko eskubidea-, hitzarmenaren 10. eta 11. artikuluak -adierazpen askatasuna eta biltzeko eta elkartzeko eskubidea- eta 13. artikulua-helegite eraginkorrerako eskubidea- urratu egin direla salatu du EAE-ANVk. Tribunalak banan-banan aztertu eta bozkatu ditu.
Aipatutako lehen eskubideari dagokionez, ANVren abokatuek argudiatu zuten ez Fiskaltzak ez Estatuko Abokatuak ez zutela alderdia Batasunaren ordezkotzat jo eta horregatik ez zituela zerrenda guztiak inpugnatu. Halaber, Auzitegi Konstituzionalak zerrenda guztien banakako azterketarik ez zuela egin argudiatu zuten, eta alderdiaren estatutuetan indarkeriaren arbuioa jaso izana ez zela aintzat hartu. Europako Auzitegiko Tribunalaren ustez, ordea, Espainiako auzitegiek «baliogabetzeko erabakiak era indibidualizatuan hartu dituzte». Era berean, tribunalak bere egin ditu Espainiak emandako argudioak legez kanporatutako alderdien jarraipena salatzeko orduan. «Gorteak kontuan hartu du gobernuaren argudioa, zeinaren arabera Batasuna eta Herri Batasuna alderdiak legez kanporatzea alferrikakoa izango zen de facto haien jarduerarekin alderdi auzi-jartzailearen hautetsien bidez jarraitu ahal izango balute».
Adierazpen askatasuna
Adierazpen askatasuna eta biltzeko eta elkartzeko eskubidea jasotzen duten 10. eta 11. artikuluen urraketa elkar loturik salatu zuten ANVren abokatuek. Tribunalak ez du sakon aztertu balizko urraketa hau. Aurreko puntuko ondorioetara jo du auzi-jartzailearen eskera aintzat ez hartzeko. Tribunalaren ustez, gehiengoz hartutako erabakian, «agintari espainiarrek ez dute gainditu hitzarmenaren 10. eta 11. artikuluak vis à vis baloratzeko tartea. Beraz, gorteak ondorioztatu du ez dagoela hitzarmenaren 10. eta 11. artikuluen urraketarik».
Helegite eskubidea
ANVren abokatuaren ustez, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmeneko 13. artikuluan jasotzen den helegite eraginkorrerako eskubidea urratu egin da prozesuan. Horretarako, besteak beste, zerrenden legez kanporatzeari buruzko erabaki nagusi guztiak Auzitegi Goreneko tribunalak berak hartu dituela argudiatu dute. Halaber, gaineratu dute Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako babes helegiteak ez lituzkeela beteko benetako helegite baten eskariak. Eta gogorarazi dute Auzitegi Konstituzionalak hautagaitzen banan-banakako azterketarik ez zuela egin.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Tribunalak ez ditu aintzat hartu aipatutako argudioak. Auzitegi Goreneko 61. salari zilegitasuna aitortzen dio afera hauek aztertzeko Alderdien Legean horrela jasota dagoelako. «Gorteak egiaztatu du bai Auzitegi Gorenak bai Auzitegi Konstituzionalak zehatz-mehatz aztertu dutela eskaeren mamia», ondorioztatu du tribunalak.
Eskubideen urratzea aztergai
Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean jasotzen diren eskubide hauen urraketa salatu zuen ANVk:1. PROTOKOLOA (3. ARTIKULUA)
Itungile Gorenak konprometitzen dira, arrazoizko denbora tarteekin, ezkutuko zenbaketa bidezko hauteskunde libreak antolatzera; gorputz legegilea aukeratzerakoan, herriaren iritziaren adierazpen askea bermatuko duten baldintzak izango dituzte.
10. ARTIKULUA. ADIERAZPEN ASKATASUNA
1. Pertsona orok adierazteko askatasuna du. Askatasun honek barnebiltzen ditu bai iritzi askatasuna, bai informazio eta ideiak autoritateek esku hartu gabe eta mugarik gabe jasoedo komunikatzeko askatasuna. Artikulu hau ez da eragozpen izango Estatuek irrati, zinematografia eta telebista enpresei aurrez baimena eskuratu behar izateko baldintza ezartzeko.
11. ARTIKULUA. BILTZEKO ETA ELKARTZEKO ASKATASUNA
1. Pertsona orok bakean biltzeko eta elkartzeko eskubideak dauzka. Beste pertsona batzuekin batera sindikatuak sortzeko eta beren interesak babesteko xedearekin sindikatu horietara afiliatzeko eskubidea ere badu.
13. ART.- HELEGITEESKUBIDEA
Hitzarmen honetan aintzatesten diren eskubide eta askatasunak urratu zaizkion pertsona orok eskubidea dauka instantzia nazional batean helegite eraginkor bat aurkezteko.
Eskubideak urratu direla uste dute epaimahaiko bi kidek
Hauteskunde garaian izandako adierazpen askatasunaren murrizketa onartezinadela dio epaile batekP. Urzelai.
Epaia ez da aho batekoa izan. Zazpi epailek osatu dute Eusko Abertzale Ekintza Espainiaren kontra auziko epaimahaia, eta bik, Alvina Gyulumyan eta Ann Power epaileek, boto disidentea idatzi dute. Bozketa puntuka egin dute, hau da, urratu izanaz salatutako artikuluen arabera. Seik baten kontra erabaki dute ez dela urratu hitzarmenaren lehen protokoloaren 3. artikulua, hauteskunde libreak izateko eskubideari buruzkoa. Bostek biren kontra erabaki dute ez direla urratu 10. eta 11. artikuluak, adierazpen askatasunari eta biltzeko eta elkartzeko eskubideari lotuak. Azkenik, aho batez erabaki dute ez delaurratu hitzarmenaren 13. artikulua, helegite eraginkorrerako eskubidea jasotzen duena.
Boto partikularra edo disidentea aurkeztu duten epaileen argudioak mamitsuak dira, eta elkarren osagarriak. Alvina Gyulumyan epaileak ezin du bere egin gehiengoaren erabakia, non esaten den ez dela urratu lehen protokoloaren 3. artikulua eta ez dela bestelako auzigairik 11. artikuluaren ikuspegitik. «Gizarte demokratiko baten oinarrietako bat», dio Gyulumyan epaileak,«hauteskundeen garapen libre eta bidezkoa bermatzen duen errejimena da». Horregatik, gorteak beste epai batzuetan erabilitako honako irizpide hau hartu beharko zuen kontuan: «Hauteskunde eskubideen murrizketa batek hurbiltze indibidualizatua izan behar du, benetako portaera kontuan hartzeko». EAE-ANVren kasuan, berriz, horrelakorik ez da gertatu, epaile horren ustez. «Auzitegi Konstituzionalaren epaiak ez dakar hautagaitzen azterketa zehatzik. Nire irudiko, EAE-ANVk 2007ko maiatzaren 27ko hauteskundeetan aurkeztu zuen zerrenda bakoitza aparteko kasu bat da, banaka aztertu beharrekoa».
Horrez gain, Gyulumyan epaileak kritikatu du zerrenda batzuk baliogabetzea ez dela izan ANV alderdi politikoaren desegitearen ondorio, baizik eta aurreko alderdi debekatu baten desegitearen ondorio. «Auzitegi Konstituzionalak onartzen du EAE-ANV ez dela Batasuna ordezkatzen duen alderdia. Aitzitik, hauteskundeetan parte hartzea alderdi politiko baten existentziaren helburua da. Beraz, desegin aurretik, hauteskundeetan parte hartzea eragozteak biltzeko eta elkartzeko askatasunaren kontra eraso egiten du».
Bozak eta ideiak
Ann Power epaileak hauteskundeak eta adierazpen askatasunaren arteko lotura nabarmendu du aurkeztutako boto partikularrean. Gogora ekarri du beste epai batzuetan jaso dela hauteskunde aurretiko garaian iritziak eta informazioak libreki zirkulatzearen garrantzia. «Nire irudiko, ez dago zalantzarik 133 zerrendak baliogabetzeak zuzenean eragin dionik auzia jarri duen alderdiari eta haren ideien komunikazio eraginkor eta praktikoaren kontrako eraso bat izan denik». Tribunalaren gehiengoaren kontra iritzi zorrotza eman du Power epaileak: «Hitz egiteko askatasunari eutsi ahal izan dio teorian, baina praktikan haren programaren zati nagusia erantsi da eta haren mikrofono gehienak itxi dira». Horrez gain, gehiengoari irizpideak ohiko zorroztasunez ez erabiltzea egotzi dio.