Anzaren familiari ez dio behar zuen erantzunik eman epaileak

Lau orenez bilduta egon ondoren, «prozedurako disfuntzionamenduak» ez dituela ikertuko erran die epaileak

Aitor Renteria.
2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Jon Anzaren familiak ez ditu jaso Frantziako justiziaren partetik igurikatzen zituen erantzunak. Ikerketa egiten duen Tolosako (Okzitania) epailearekin bilduta egon ziren atzo, lau orenez. Anzaren hiru senide eta bi abokatuak egon ziren bilkuran, Maritxu Paulus-Basurko eta Julien Brel. Prokuradoreak ikerketen ardura hartu zuenetik epaileak ez du familia hartu, eta, ondorioz, ezin izan ditu zuzenean pausatu azken hiru urtean dituen erantzunik gabeko kezka eta galderak.

Hamaika galdera pausatu zituzten Anzaren senide eta abokatuek, alegia, nola eta zergatik hil zen Jon Anza, zer gertatu zen Baionako trena hartu eta desagerturik egon zen hamaika egunetan, zergatik ez zuten identifikatu Tolosako Purpan erietxean bizirik zegoelarik, nolako tratamendua eman zioten bizirik zeino, zerk eragin zuen heriotza eta nolatan atxiki zuten gorpua lau gradutan bertze hamaika hilabetez, autopsiarik egin gabe. «Hainbat galdera genituen sartu garelarik, eta galdera gehiago sortu zaizkigu bilkura horren ondoren», erran du Paulusek.

Sumarioan dauden elementuak jakinarazi zizkien epaileak, eta egin dituen urratsak azaldu. Onartu zien «disfuntzionamendu» ugari izan direla kasu horretan, baina, hala ere, argi adierazi zien ez dituela ikertuko. «Epaileak erran digu bere lana zela argitzea nola eta zergatik hil zen Jon, baina ez zituela disfuntzionamenduak ikertuko, ez delako bere lana», jakinarazi du Paulusek. Bilkura giro lasaian burutu zela dio, baina neholako argitasunik egin gabe. Epaileak ez du oraindik ikerketa burutu, baina abokatuen iritziz, aurki eginen du.

«Disfuntzionamenduak»

Anzaren familiaren eta abokatuen iritziz, desagerpenaren eta heriotzaren nondik norakoak argitzeko funtsezkoa da prozedura akats guztiak ikertzea. Jon Anzak eritasun larria zeukan, eta bere egoeran ezinezkoa zen hamaika egunez Tolosan egotea, karrikan. Ez da frogarik agertu baieztatzeko Tolosara heldu zela trenez. Baieztatzen den elementu bakarrak dira 2009ko apirilaren 30ean Tolosako Strasbourg etorbidean hartu zutela osasun zerbitzuek, eta erietxera eramaneta egun gutxira zendu zela.

Alta, egun haietan zer gertatu zen argitzea funtsezkoa da egia jakiteko. Anzak soinean zituen Baionarako trenerako txartelak.Hori eta buruan zeuzkan orbainak aski ziratekeen nor zen identifikatzeko. Prokuradoreari jakinarazi zioten, baina fruiturik gabe. Anzaren pasaportea objektu galduen bulegoan agertu zen handik egun batzuetara, ezezagun batek utzita. Fax «anonimo» batek jakinarazi zuen Espainiako bi guardia zibilek alde egin zutela egun horietan Tolosako hotel batetik, pistolak bertan utzita. Desagertzea salatu zutelarik, Baionako prokuradoreak erran zuen toki guztietan ikertu zutela. «Ikertu behar zuten tokian salbu», dio Brel abokatuak.

Itzalgune horiek argitzeko asmoz, ikerketetan parte hartu zuten poliziak galdekatzea eskatu du Anza kolektiboak, behin eta berriz. Horrekin batera, Michele Alliot Marie galdekatzeko eskatu du, Anza desagertu zelarik Frantziako Barne ministroa baitzen eta ikerketa burutu zelarik Justizia ministroa. Poliziak galdekatu dituela jakinarazi zien epaileak abokatuei, baina ez duela segidarik emanen. Alliot Marie galdekatzeko asmorik ez duela erran die.

Jon Anzaren osasun txostena eskatu du familiak. Tolosako epailearen esku da, baina ez dio familiari eman nahi, sumarioa sekretupean dagoela argudiatuz. Alta, erietxean atxiki zuten tratamenduak argia ekar dezake haren osasun egoera ulertzerakoan. Heriotzaren egiazko arrazoia azal dezakeela dio familiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.