Anzaren senide batek deklaratu du epaitegian, poliziak iraintzea egotzita

AAMren arabera, 1.000 euroko bi isun ezarri dizkiote bi protestatarako baimenak eskatzeagatik

Hainbat lagun bildu ziren atzo auzitegi aurrean, Anzaren senideari babesa agertzeko. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESSS.
joxerra senar
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Martxoaren 11n urtebete beteko da Jon Anzaren hilotza Frantziako Tolosako gorputegi batean agertu zenetik. Anzari gertatukoari buruzko ikerketaren berririk ez dago, baina haren senide batek atzo Donostiako Lurralde Auzitegian deklaratu zuen, Espainiako segurtasun indarrei irain egitea leporatuta. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak igorritako ohar batean gogora ekarri duenez, senide horri 1.000 euroko bi isun ezarri dizkio Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, auzia argitzeko eskatzeko bi manifestaziotarako baimenak eskatzeagatik. «Segurtasun indarrek eta epaitegiek hipotesi nagusia ikertu beharrean, Jonen heriotza isildu eta gerra zikinaren salaketa zigortzera bideratu dituzte indarrak», salatu du AAMk.

2009ko apirilaren 18tik, Tolosaranzko trena Baionan hartu zuenez geroztik, Anza desagertuta egon zen iazko martxoan hilotza agertu zen arte. Bertsio ofizialaren arabera, hamar hilabete eman zituen gorputegian, eta identifikatu gabeko gorpu bat hainbeste denboraz izatea akats burokratikoei egotzi zieten.

AAMk gogoratu du Frantziako agintarien eta polizien azalpen hura ez zutela sinetsi herritarrek, Euskal Herrian protesta ugari antolatu zirela eta Espainiako Gobernuari hilketa egotzi zitzaiola; «zulo ilunez beteriko ipuin sinesgaitzetara ohitua dago-eta gure herria». Martxoaren 13an eta 14an bi manifestazio egin ziren Donostian, eta amaieran Anzaren senideak hartu zuen hitza. Horregatik deitu zuten atzo deklaratzera. Epaitegi kanpoan, babesa adierazteko, elkarretaratze bat egin zuten.

Hilabeteotan zehar polizien aldetik salaketa hori «estaltzeko» egin duten lana «izugarria» izan dela deritzo AAMk: «Kaleetatik pankartak kentzen, manifestazioei oldartzen eta manifestazioetan parte hartu duten herritarrak zigortzen aritu dira etengabe». Gogora ekarri du irailean Anza sendiaren abokatua, Jon Enparantza, Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu zutela Guardia Zibilari irainak egitea egotzita. AAMen arabera, «hain gertaera larria ezkutatu eta isildu nahiak Estatuen urduritasuna baino ez du adierazten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.