Nafarroaren garapenarekin lotu du gobernuak Donapea proiektua: batetik, «apustu estrategikotzat» jo du Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek; eta, bertzetik, egitasmo horrek enpleguan izanen duen eragina nabarmendu du Sustapen kontseilari Luis Zarralukik. Bi kontseilariek Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin zuten atzo, Bilduk eta NaBaik eskatuta, azalpenak emateko proiektu hori udalez gaindiko sektore plantzat jotzeko erabakiari buruz. Emandako azalpenekin ez dituzte uxatu oposizioko alderdien kezkak eta zalantzak. PPNren babesa baino ez du lortu gobernuak; gainerako alderdi gehienek argi dute, izatekotan, Opus Deirentzat izanen dela apustu estrategikoa Donapea proiektua.
Haren bidez, Lanbide Heziketako ikastetxe horrek hartzen duen orubea eta eraikina Nafarroako Unibertsitateak erosiko lituzke, bertan ikerketarako hiru zentro eraikitzeko. Donapearentzat eta Osasun Eskolarentzat, berriz, egoitza berria eraikiko lukete Etxabakoitz auzoan, Lanbide Heziketako campus berrian.
Iruñeko lurrak ukitzen ditu proiektuak, eta udalak ezezkoa eman zion egitasmoari joan den uztailaren 4an. PSNk proiektua babestu zuen hasieran, baina kontrako boza eman zion, azkenean, osoko bileran.
«Erabaki ideologikoa»
Udalaren ezezkoaren ondorioz, egitasmoa udalez gaindiko sektore plantzat jotzea erabaki du Nafarroako Gobernuak, eta erabaki horren alde egin dute Zarralukik eta Iribasek parlamentuan. Bi kontseilariek nabarmendu dute erabaki horrek ez duela urratzen Iruñeko Udalaren autonomia, eta proiektuak herrialde osoari eragiten diola. «Horrek justifikatzen du udalez gaindiko sektore plantzat jotzea», erran du Iribasek. Nafarroako Unibertsitateak 200dik gora milioi euroko inbertsioa eginen duela erantsi du Hezkuntza kontseilariak, eta hiru ikerketa zentroek 395 lanpostu sortuko dituztela.
«Demagogikotzat» jo ditu Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek Iribasen hitzak. «Proiektuak eraginen lituzkeen lanpostuak nabarmentzen dituzu, baina zure departamentuko murrizketek beste ehunka lanpostu suntsitzen dituzte», gogorarazi dio. Gobernuak proiektuaren alde egiteko hartutako erabakia «politikoa eta ideologikoa» dela erantsi du.
«Interes pribatuak interes publikoaren gainetik» jartzea egotzi dio NaBaiko parlamentari Juan Carlos Longasek gobernuari. PSNko Pedro Rasconek modua kritikatu du: «Ez dugu erranen inbertsioa garrantzitsua ez denik, baina proiektua udalez gaindiko sektore plantzat jotzea ez da biderik egokiena». Are gehiago, erabaki hori «legez kanpokoa» dela salatu du Ezkerrako Jose Miguel Nuin parlamentariak.
«Apustu estrategikotzat» jo du gobernuak Donapea
Parlamentuan agertu dira Iribas eta Zarraluki kontseilariak, baina ez dute lortu oposizioko alderdien babesa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu