Araba, Bizkai eta Gipuzkoa arteko sarrera-irteerak mugatuko dira

Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu positibo baino gehiagoko intzidentzia tasa metatua duten udalerriak itxi egingo dituzte, eta udalerri horietan ostalaritza itxi beharko dute.

Labiren bilera bat, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR/ EFE
Edurne Begiristain.
2021eko urtarrilaren 11
11:41
Entzun

Eusko Jaurlaritzak zorroztu egingo ditu abenduaren 10etik indarrean diren neurriak, egoera epidemiologikoa «kezkagarria» delako, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenez. Labiren batzorde teknikoak egindako proposamenak aintzat hartu ditu gobernuak, eta erabaki du joan-etorriak berriro mugatzea. Hala, ezin izango da probintzia batetik bestera joan: hots, arabarrak soilik Araban zehar mugitu ahal izango dira; bizkaitarrak, Bizkaian zehar; eta gipuzkoarrak, Gipuzkoan zehar. Gainera, eremu gorrian dauden udalerriak itxiko dituzte, eta ezin izango da horietan sartu edo irten, ezinbestekoak ez diren jarduetarako salbu. Beraz, intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 500 positibotik gorakoa den herrietan konfinamendu perimetrala ezarriko dute. Udalerri horietako biztanleek ezingo dute alboko udalerrietara joan-etorririk egin, eta taldeko kirol jarduerak etenda geratuko dira. Eremu gorriko udalerrien zerrenda astelehenetan eta ostegunetan berrikusiko du Jaurlaritzak, astero, Sagarduik azaldu duenez. Eusko Jaurlaritzak gaur hartutako neurriak asteazkenean sartuko dira indarrean, gaueko 00:00etan, dekretu bidez.

Ostalaritzari dagokionez, ez da aldaketarik egongo, eta itxiera ordutegia bere horretan utziko dute: 20:00etan itxi beharko dute. Eremu gorrian dauden udalerrietan, aurrerantzean ere itxita egongo da ostalaritza. Etxeratze aginduak ere berdin segituko du toki guztietan: 22:00etan izango da.

Bestelako erabaki berririk ere bada: 150 metro koadro baino gehiago duten saltokietan, edukiera %40ra murriztuko da, eta azalera hori baino txikiagoa dutenen kasuetan, %60ra.

Intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 500 positibotik beherakoa den udalerrietan, eskola kirola baimenduko dute, baina soilik entrenamenduetarako. Entrenamenduak asko jota sei laguneko taldeetan egin beharko dira, taldeko kideek beti berberak izan beharko dute, eta ezingo dituzte aldagelak erabili. Profesionalak ez diren dantza taldeen entseguak ere baimenduko dituzte, antzerki jarduerarako indarrean dauden baldintza berberekin. Gainera, joko eta apustu etxeak berriro ireki ahal izango dira, ostalaritzak dituen neurri berberekin.

 

  
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.