Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak udazkenean egingo diren edo ekainera aurreratuko diren oraindik argitzeko dagoela, inkesta bat plazaratu du EITB irrati telebista kate publikoak. Horren arabera, EAJk egun dituen 27 legebiltzarkideei eutsiko lieke, eta jeltzaleak lirateke gehien bozkatutako indarra. Boto portzentajean, 2012ko bozekiko hazi egingo lirateke.
4) EITBren inkesta. pic.twitter.com/eCBO7l3biU
— Enekoitz Esnaola (@EnekoitzEsnaola) 2016(e)ko apirilak 21
Oposizioko indar nagusia nor litzatekeen, ordea, ez dago argi. EITBren arabera, hamabosna eserleku lituzkete EH Bilduk eta Ahal Dugu-k. Hori horrela, koalizio subiranistak sei ordezkari galduko lituzke, eta indarrez sartuko litzateke Ahal Dugu.
Kolpea hartuko luke PSEk ere: egungo hamasei ordezkarietatik hamarrera jaitsiko litzateke, eta PP, berriz, hamarretik zazpira. Ciudadanosek, berriz, ordezkari bat lortuko luke, eta UPDk ez luke lekurik Eusko Legebiltzarrean.
Lehendakaria nor?
EAJk berretsia du Iñigo Urkullu lehendakarigai gisa, baina zerrendabururik ez dute oraindik aukeratu EH Bilduk eta Ahal Dugu-k. Barne prozesuetan aukeratuko dituzte bi indarrek; Arnaldo Otegi izan liteke koalizioarena, eta Ahal Dugu-ren eskaintzaz hausnartzen ari da Garbiñe Biurrun epailea.
Horri buruz galdetuta, itaundutakoen herenek Urkullu nahi dute lehendakaritzarako (%34). Otegi aldezten dute %12k, eta Biurrun %4k. %44k, berriz, ez dakite edo ez dute erantzun nor nahiago duten lehendakaritzarako.
Balizko koalizioei dagokienez, EAJk Ahal Dugu edo EH Bilduren babesa beharko luke gehiengo osoa izateko. PSEren babesarekin ez luke aski, 37 legebiltzarkide batuko bailituzkete biek, eta 38 behar dira gehiengo absolutua lortzeko. Ahal Dugu eta EH Bilduren arteko baturak EAJ gaindituko luke, baina ez lirateke gehiengo osora helduko (30).
Konbinazio horien inguruan galdetuta, EAJ-EH BIldu akordioa lehenesten dute herritarrek (%23).
Hiru herrialdeetan EAJ
Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan nagusituko litzateke EAJ. Ahal Dugu bigarren indarra litzateke Araban eta Bizkaian, eta EH Bildu Gipuzkoan.