Araba eta Bizkaia artean beste parke eoliko bat egiteko proiektua aurkeztu dute

Hiru udalerritako eremuetan egin nahi dute Kastillo parkea: Otxandion (Bizkaia), Ubiden (Bizkaia) eta Legution (Araba). Hogei megawatt-eko gehienezko potentziako parkea egitea aurreikusi dute, eta 20,5 milioi euro kostako da.

Haize errotak Elgea mendilerroan, Arabaren eta Gipuzkoaren artean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Haize errotak Elgea mendilerroan, Arabaren eta Gipuzkoaren artean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
inaut matauko rada
2024ko martxoaren 4a
15:20
Entzun

Eusko Jauraritzaren Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendaritzak iragarri du beste parke eoliko bat eraikitzeko proiektu eskaera bat egin duela enpresa batek. Gehienez hogei megawatt-eko potentzia izango duen parke bat egiteko proiektua du Plauri Energy enpresak Otxandion, Ubiden eta Legution, Kastillo izenekoa. Enpresak proiektua eta ingurumen inpaktuaren txostena aurkeztu ditu, eta Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak baimen eskaera aztertu aurretik, alegazioak aurkezteko hilabeteko epea irekiko dute bihar.

Lau haize errotako parkea da Plauri enpresak egin nahi duen hori. Bakoitzak bost megawatt-eko potentzia unitarioa izango du; hala, parkeak guztira gehienez ere hogei megawatt-eko potentzia izango du. Errota bakoitza 121 metro garai izango da, eta aerosorgailuen arteko interkonexio azpiegitura Legution egongo da. Errotez gain, altuera bereko meteorologia dorre bat eraikiko dute Ubideko lurretan.

Horrez gain, Legutioko lurretan energia sekzionatzeko zentro bat eraikiko dute, eta, ondoren, ekoitzitako argindarra SET Villarreal T1 azpiestaziora garraiatuko dute.

20,5 milioi euroko kostua aurreikusi dute azpiegitura guztiak eraikitzeko. 18,7 milioi euro haize errotak eta bestelakoak eraikitzeko izango dira, ia 500.000 euro sekzionatze zentroa egiteko, eta gainontzeko 1,3 milioi euroak ebakuazio linea egiteko izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.