Euskara

Araba Euskaraz 2016: atzera kontatzen hasi dira Agurainen

Ekainaren 19an ospatuko dute jaia, Lautada ikastolak antolatuta. Ibilbidea eta egitaraua aurkeztu dituzte.

Ekainaren 19an egingo dute Araba Euskaraz. @ARABAEUSKARAZ
aitor biain
2016ko ekainaren 9a
08:44
Entzun

Arabako ikastolen aldeko jaia ospatzeko egun batzuk baino ez dira falta. Ekainaren 19an izango da ospakizuna, Agurainen, eta Lautada ikastolak antolatuko du, Geroari begira lelopean, joan den azaroan iragarri bezala. Bigarren aldia da Aguraingo ikastolak Araba Euskaraz jaia antolatzen duena; 2010ean izan zen aurrekoa. Ibilbidea eta egitaraua aurkeztu dituzte gaur.

Antolatzaileen arabera, egitarau “orekatua” osatu dute, askotariko ekitaldiak egongo baitira. “Alde batetik, jadanik ezagunak diren ikuskizunak egongo dira, jende asko mugitzen dituztenak, eta, bestetik, horren ezagunak ez direnak edo jende gutxiago mugitzen duten proposamenak ere egongo dira, beste kolore eta arnasa bat ematen diotela uste baitugu”, adierazi du Iñaki Iratzokik, Lautada ikastolako irakasle eta ikuskizun batzordeko kideak. Hala, Euskal Herri osoko ikuskizunez gain, bertakoek ere leku bat izango dute egitarauan.

Lau kilometro, lau gune

Goizeko hamarretan ekingo diote Araba Euskaraz 2016 egunari: Aguraingo herriaren bueltako lau kilometroko ibilbidea zabalduko dute orduan. Lau gune izango ditu: Galzar, Sagarmin, Bentatxo eta Lezao. Musika ikuskizunei dagokienez, besteak beste, Oihan Vega, McOnak, Hesian, Malatu, Oxabi eta Eratu izango dira. Hain zuzen, Eratuk egin du aurtengo kanta, eta antolatzaileek iragarri dute kontzertu “berezia” izango dela .

Gainerakoan, Arabako bertsolariak ere izango dira, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Eriz magoa, herri kirolak, haurrentzako zumba saioa eta disko festa. Era berean, Arabako Zuzenak kirol egokituko taldearen partida bat iizango da, eta gaztetxoentzako Erronka saioa ere bai, besteak beste.

Konpromisoei lekua

Ingurunearekiko konpromisoa ere erakutsi nahi dute arduradunek, eta, horretarako, hainbat ekintza eta aholku prestatu dituzte. Besteak beste, zuhaitzak landatuko dituzte, eta iazko ikastolen jaian sortutako hondakin organikoetatik lortutako konposta erabiliko dute ongarri moduan. Era berean, genero indarkeriaren aurkako konpromisoa ere erakutsiko dute, Txus Rodriguez Lautada ikastolako zuzendariak azaldu duenez: “Puntu morea gure egunerokoan sartuta dagoen kontu bat da; ikasleekin lantzen dugu ikastetxean. Bada, ikastolen aldeko jaian ere bere lekua izatea nahi dugu”.

Ekainaren 19an Agurainera biltzeko gonbita egin dute antolatzaileek: “Urte osoan egin dugu lan egun honi begira, geroari begira, eta geroa iritsi da dagoeneko. Beraz, gonbidapena egin nahi diogu Arabako eta Euskal Herriko jende guztiari Agurainera hurbiltzeko”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.