Arabak Elizaren zerga laguntzak kentzeko eskatu du; ikertu egingo ditu Gipuzkoak

Espainiako Gobernuari oroitarazi diote Eliza katolikoaren zerga pribilegioen aurka agertu dela Europa

Erredakzioa
2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Arabako Biltzar Nagusiek eskaera egin diote Espainiako Gobernuari: sineste erlijiosoen elkarteentzako zerga laguntzak kentzeko eta horretarako beharrezko diren lege aldaketak egiteko. Ezker Batuak aurkeztu zuen mozioa, atzo, Biltzar Nagusien osoko bilkuran eztabaidatzeko; negoziatu egin zuten EAJ, Bildu eta PSE-EErekin, eta tarteko akordio bat egin zuten.

Hasierako mozioan, EBk beste eskaera batzuk ere egiten zizkion diputazioari. Ondasun higikorrei buruzko zergetan eta eraikuntza eta obren gaineko zergetan kenkariak dituzte sineste erlijiosoetako elkarteek; kenkari horiek ezabatzeko eskatzen zuen EBk. Lau alderdiek azkenerako adostutako testuan galdu egin da eskakizun hori, baina Espainiako Gobernuari eginiko eskaerak mantendu dira: Espainiako Estatuak eta Vatikanok sinatua duten ituna, 1979koa, berrikusteko eta zerga pribilegioak desagerrarazteko alegia. Mozioaren bidez, aldi berean, Espainiako Gobernuari gogorarazi diote Europako Batasunak ere kritikatu izan duela Espainiak Eliza katolikoari ematen dion tratu onuragarria. PP izan da mozioaren kontrako botoa eman duen alderdi bakarra.

Onuren eragina aztergai

Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere, Ogasun Batzordean, gai bera eztabaidatu zuten atzo. Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek agiri bat adostu zuten, eta diputazioari eskatu zioten ikertzeko Eliza katolikoaren zerga laguntza eta onurek zer-nolako eragin ekonomikoa duten Gipuzkoan. PPk eta EAJk proposamenaren aurkako botoa eman zuten.

«Elizak modu salagarrian eskuratu ditu ondasunak, eta, gainera, ez du haiengatik ordaintzen», salatu du Judit Garcia Bilduko batzarkideak. Eliza katolikoa «paradisu fiskal» gisako batean bizi dela erantsi du Rafaela Romero PSE-EEkoak. Iñaki Egibar EAJko batzarkideak erantzun die: «Elizak ez du irabazi asmorik, ez du espekulatzen, eta hori ahaztu egiten da sarritan». Ondasunak mantentzeko Elizak egiten duen lana ere gogorarazi du Egibarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.