Arabako Aldundiak dio adingaberik ez duela kaleratu

Oinarrizko gizarte zerbitzuetara jotzeko bidea hastea galdegin diete egoitzetatik bota dituzten gazteei

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Arabako Foru Aldundiaren adingabeentzako egoitzetatik botatako 22 gazteak adinez nagusiak direla berretsi du Marta Alaña Gizarte Gaietako diputatuak. Gazte horiei egin dizkieten hezur proben arabera adinez nagusiak direla nabarmendu du Alañak, eta, ondorioz, zehaztu du ez dela urratu inolako adingaberen eskubiderik. «Aldundiak ez du adingaberik kalean utzi; gazte horiek hasieratik egon behar zuten harrera zentroetatik kanpo».

Aldundiak kaleratutako gazteek 18 urte baino gutxiago dituztela nabarmendu du gazte horiei laguntza ematen dien hiritar plataformak, eta zehaztu dute polizia judizialak ontzat jo dituen agiriek hori frogatzen dutela. Aldundiak hezur probak lehenetsi ditu, ordea, eta proba horietan oinarrituta kaleratu ditu. Are gehiago, administrazioaren zaintzapean gelditu ziren unean ere adinez nagusiak zirela gaineratu du Alañak. «Adingabeen babesaren moduko baliabide seriorik ezin da erabili nagusi zarenean».

Zerbitzura heltzean nagusiak zirela argudiatuta, aldundiak erabaki du zerbitzu horrekin lotutako beste inolako laguntzarik ez ematea. Aldundiaren zaintzapean dauden adingabeek 18 urte betetzean laguntza ekonomikoa jasotzen dute bi hilabetez, eta euren bideari jarraitzeko programa hasten dute. Ordea, kaleratutako 22 pertsona horiekin ez dute horrelakorik egingo.

Kaleratutakoen egoera zaila izan daitekeela aitortu du Gizarte Gaietako diputatuak, eta oinarrizko gizarte zerbitzuetara joatea galdegin die. Adinez nagusiak direla egiaztatzen duen agiri bana eman dietela azaldu du Alañak, eta gainontzeko herritarren moduan gizarte zerbitzuetara jotzeko eskubide osoa dutela azaldu du, baina ez adingabeentzako zerbitzuetara.

Alañak nabarmendu du hezur probak hogei egunetan egin dituztela, ohi baino azkarrago. Orain arte bost hilabete inguruan egiten zituztela gaineratu du.

Gipuzkoako sarea hobetu

Babesgabetasun egoeran dauden adingabeei arreta sarea hobetzeko nahia azaldu du Ander Rodriguez Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak. Beharrak ikusteko, diagnosi bat egin du aldundiak, eta hori hobetzeko neurrien berri emango du Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.