EUSKARA

Arabako komertzioetan, hamar dendaritik ia sei gai dira euskara ulertzeko

Merkataritza eta ostalaritza zerbitzuen %26,20 gai dira arreta euskaraz eskaintzeko. Hala ere, hizkuntzara gehiago hurbiltzeko deia egin du Arabako merkatarien elkarteak.

Aenkomer Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresarien elkarteak agerraldia egin du gaur, Gasteizen. BERRIA
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko otsailaren 28a
12:42
Entzun

Euskararen eguneroko erabileraren inguruko ikerketa bat egin du Aenkomer Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresarien Elkarteak, Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Ondorioztatu dutenez, hamar dendaritik ia sei gai dira euskara ulertzeko Arabako merkataritza eta ostalaritza sektoreetan; zehazki, %58,18. Edurne Parro elkarteko zuzendaria da, eta adierazi du euskal hiztunen kopurua haztearekin batera beharrezkoa dela sektoreko langileen barnean hori gogoan izatea. Hain zuzen ere, ondorioak atera ahal izateko, guztira, 330 elkarrizketa egin dituzte sektore horretako negozioetan. Helburua euskararen erabileraren datuak eskuratzea eta hizkuntzaren presentzia eta erabilera areagotzea izan da, besteak beste.

Datu gehiago ere eskaini ditu elkarteko zuzendariak. Euskararen ezagutzaz harago, jakinarazi du komertzioen %26,20 gai direla arreta euskaraz eskaintzeko. Hau da, langile bat, behintzat, gai da euskaraz hitz egiteko. Are gehiago, establezimenduen laurdenetan, langile batek baino gehiagok gaitasuna du bezeroekin euskaraz hitz egiteko. Shandra Barroso dendaria da; zapata denda bat du Gasteizko Hedegile kalean. Nabarmendu duenez, euskararen erabilera hazten ari da egunez egun, eta, beraz, «garrantzitsua eta positiboa» da bezeroei zerbitzua euskaraz ematea.

Bezeroekin edukitzen den zuzeneko harremanez gain, webguneetako, sare sozialetako eta errotuluetako edo karteletako hizkuntza ohiturak ere ikertu dituzte. Adierazi dute hamar komertziotik batek erabiltzen duela euskara webgunean; sare sozialetan, berriz, bikoiztu egiten da kopurua. Komertzioetako errotuluei eta kartelei dagokienez, %46 euskaraz jasotzen dira.

Euskaraldira begira

Ikerketan parte hartu duten pertsonetako batzuek euskaraz jakin ez arren, %42,10 prest daude hizkuntzaren ezagutza hobetzeko, eta pertsonen %41ek interesa dute euskara sustatzeko. Hain zuzen, Parroren ustez, «enpatia eta jarrera positiboa» beharrezkoak dira bezeroei arreta emateko, eta, horregatik, garrantzitsuak iruditzen zaizkio euskara bultzatzeko egiten diren kanpainak; Euskaraldia, esate baterako. «Elkartekook merkataritza guneak animatu nahi ditugu euskararen aldeko urratsak egiten jarraitzera eta aurtengo Euskaraldian parte hartzera», erantsi du zuzendariak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.