Goi tentsioko linea bat Arabako mendialdetik sartzeko proiektuak eragin zuen gizarte errefusak behartu zuen Red Electrica Española (REE) linearen ibilbidea aldatzera. Ingurumen eragina eta gizartearen erantzuna aipatu zituzten orduan proiektua bertan behera uzteko arrazoi gisa. Jakina, inork gutxik nahi du 400 kilowatteko argindar linea bat herrian edo herritik gertu. Not in my back yard (Ez nire etxeko patioan) ingelesezko esaera ezaguna nagusi da horretan ere, hazkundean oinarritutako eredu ekonomikoak dakarren kontraesan kolektiboaren seinale.
Izan ere, abiadura handiko trena egiten ari dira, eta, azpiegitura hori, ingurumenean kalte larria eragiteaz gain, energia kontsumitzaile ikaragarria da. Horri aurre egiteko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatuko dituen goi tentsioko linea berria behar dela dio REEk. 72 kilometro luze eta 27 herri kaltetuta. Proiektuak ondorio ekologiko larriak eragingo dituela aitortu du bultzatzaileak: higadura arriskua handituko du, paisaia eta habitatak eraldatuko ditu eta faunari kaltea egingo dio —bereziki hegaztiei—. Alegia, ekosistemak eta bioaniztasuna pobretuko dira, oraindik ere gehiago.
Neurri zuzentzaileak hartuz gero, ordea, kalteak «bateragarriak» lirateke planarekin,REEren irudiko. Baina zuzendu ezin dena zuzentzeari deitzen diote horrelako egitasmoen bultzatzaileek neurri zuzentzaile. Gainera, Gorbeia eta Urkiola natur parkeak ez dituela ukituko azpimarratu du REEk, erakusteko askoz okerrago izan zitekeela.
Eta, bitartean, oso zigortuta dagoen inguru bati beste azpiegitura bortitz bat pilatuko zaio. Beste bat, askoren gainean. Orain, Arabako mendialdea salbatu duen eskema bera erabiltzea beste aukerarik ez dago: gizarte errefusa eta mobilizazioa aktibatzea. Ea kasu honetan ere zerbaiterako balio duen.
Analisia
Arabako mendialdea gogoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu