Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, hilaren 27an kalera

EILAS, LAB eta ELAk manifestazioak egingo dituzte Jaurlaritzaren hezkuntzako murrizketak salatzeko

Bilbo
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren eta hezkuntzako gehiengo sindikalaren arteko tirabirek ez dute etenik irakaskuntza publikoan. EILASek, LABek eta ELAk agerraldia egin zuten atzo, euren ikuspuntua azaltzeko. Salatu dute Hezkuntza Sailak irakaskuntza publikoan«murrizketa politikari» jarraipena eman diola bigarren urtez. «Optimizazioa, baliabideen erabilera egokia eta gisa horretako hitzak» erabiltzen badituzte ere murrizketak direla diote. Neurrioi aurre egiteko asmoz, urriaren 27rako deitu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko eskatu diete hezkuntza publikoko langile guztiei. Hiru hiriburuetan manifestazioak egingo dituzte, 18:30ean.

Ondorengo egunetan ekimen ugari egingo dituztela iragarri dute: «Benetako negoziazioak lortu arte». Ekintza horien artean aipatu dituzte kontzentrazioak eta ikastetxeei egindako «proposamen zehatzak». «Beste mobilizazio batzuk egitea» ez dute baztertzen, eta grebara deitzeko aukera zabalik utzi dute.

Baliabideetan «galera»

Sindikatuen esanetan, ikasturte honetan izan den matrikulen gorakada ez da langile kopuruan islatu: «Irakasle kopurua ez da handitu ikasle kopuruak gora egin duen neurri berean». Horrek baliabideetan «galera» eragin duela diote. Puntu hori ordezkoen lan baldintzak jasaten ari diren «okertze prozesu izugarriarekin» lotu dute. «Nola deitu, bestela, kasu askotan ikasleek ordezko irakaslerik gabe bost egun edo gehiago pasatu behar izateari?». Sindikatuek uste dute Hezkuntza Saila «enplegua erregulatzeko ezkutuko espedientea» gauzatzen ari dela ordezko irakasleekin. Horren ondorioz «hezkuntzaren zerbitzu publikoaren izaera» kolokan jarri dela salatu dute. Egoera iluna islatu dute: «[Proiektuek] aurrera egiteko oinarri nagusietako bat irakasle askoren borondatezko lana da», ohartarazi dute. Hezkuntza Sailari egindako proposamen sortatik hiru nabarmendu dituzte sindikatuek: ordezkapenak lehen egunetik betetzea, ordezkoen lan baldintzak hobetzea eta erretiro baldintzetan «diskriminaziorik» ez izatea.

Iazko udan Jaurlaritzak CCOO eta UGTrekin lan hitzarmena sinatu ostean, hezkuntza publikoko langileen %75ek babesa eman zieten EILAS, LAB eta ELAri otsailean eginiko bozetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.