Arabar, bizkaitar eta gipuzkoarren %21 independentziaren alde dira

Jaurlaritzaren aginduz, 2.129 herritarri egin zaie inkesta, eta %53k diote politikak ez diela konfiantzarik eragiten

Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza Sailak Kultura demokratikoari buruzko inkesta egin zuen iaz Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko 2.129 herritarren artean.Besteak beste, egun Espainiako Konstituzioari buruzko erreferenduma berriz egingo balitz zer bozkatuko luketen galdetu zaie: %46k alde bozkatuko lukete, %14k kontra eta %30 abstenitu egingo lirateke. Era berean, inkestaren beste ondorioetako bat da herritarren %44k gaur egungo estatutuaren alde egiten dutela, beste %21 independentziaren aldeko direla eta %9k federalismoa nahiago dutela. %26k nahiago du galdera horri ez erantzun.

Inkesta horren arabera, hamar pertsonatik lauk adierazi dute libre sentitzen direla mundu guztiarekin politikaz hitz egiteko. Beste %41ek diote soilik pertsona batzuekin hitz egiten dutela gai horri buruz, eta gainerako %14k diote ia inorekin ez direla libre sentitzen.

Halaber, erdiek (%53) onartu dute politikak konfiantza eza eragiten diela. Mesfidantza hori oro har politikak baino gehiago politikariek (%73) eta alderdiek (%67) sorrarazten diete, nahiz eta %56k adierazi «alderdi politikorik gabe ezin» dela demokraziarik izan. Hamar pertsonatik ia zortzik nahiago dute demokrazia beste edozein gobernu mota baino, eta %4k baldintza jakinetan gobernu autoritarioa onartuko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.