Aralar eta Bildu hamar orduz itxi dira parlamentuan

Legebiltzar barruan 21:30etik aurrera egotea debekatu du Catalanek, eta istilurik ez izateko, lehenago atera dira

Aralar eta Bilduko parlamentarien itxialdia, atzo. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Hasiera batean 24 orduko itxialdia eta baraualdia egin behar zuten Nafarroako Parlamentuan Aralarreko eta Bilduko parlamentariek, Josu Uribetxebarria aska dezatela eskatzeko. Azkenean, hamar ordukoa egin zuten. Alberto Catalan Parlamentuko presidenteak jakinarazi zien parlamentariek gehienez 21:30era arte egon daitezkeela euren bulegoetan, eta horretarako Parlamentuko Araudiko 35.1 artikulura jo zuen, esanez lanegun batean gehienez 21:30era arte egon daitekeela eraikin barruan. Agindu horri erabateko ezadostasuna azaldu arren, «probokazioetan ez erortzeko asmoz» Bilduk eta Aralarrek erabaki zuten 21:00etan uztea Parlamentua.

Zortzi parlamentariok egin zuten itxialdia: Bilduko Bakartxo Ruiz, Aitziber Sarasola, Koldo Amezketa, Victor Rubio eta Bikendi Barea, eta Aralarreko Txentxo Jimenez, Asun Fernandez de Garaialde eta Xabi Lasa. Goizean egindako prentsaurreko baten bitartez ekin zioten itxialdiari. Uribetxebarria zein gaixo diren gainontzeko presoen askatasuna aldarrikatzeko helburua duen «ekimen sinbolikotzat» jo zuten itxialdia. «Argi dugu Nafarroako Gobernuari eta hainbat sektoreri gai hau agenda politikotik at geratzea interesatzen zaiela, baina gure ustez instituzioei ere badagokie gaiari heltzea», azaldu zuen Asun FernandezGaraialdek.

Zazpi parlamentariek salatu zuten «heriotzaren korridorean» mantendu dutela Josu Uribetxebarria, eta agerikoa dela legea ez duela berdin ezartzen Espainiako Estatuak kasu guztietan. «Espainiako Gobernua da gertatzen ari denaren errudun bakarra». Euren ustez «modurik krudelenean eta ulertezinean» muturreraino eraman dute presoaren egoera.

Hala, gizarteko beste esparrutan egiten ari diren aldarrikapena Parlamentura eraman nahi izan zuten, eta itxialdia egitea erabaki. «Ziur gaude herritarren gehiengoaren nahiarekin bat egiten duela», arrazoitu zuen FernandezGaraialdek.

Alberto Catalan legebiltzarreko presidenteak epemuga jarri zion itxialdiari. Bere arabera, Parlamentuko araudiak ez du baimentzen bulegoan 21:30etatik aurrera egotea, «araudian aurreikusitako jarduerak egiteko ez bada». Catalanen arabera, baraualdi eta itxialdi bat ez dira ohiko jarduera. Horregatik, 21:30rako eraikina uztera dei egin zien.

Bilduk eta Aralarrek Catalanen erabakia gaitzetsi zuten. «Gure ohiko lanetan aritzen garenean, urteko 365 egunetan, 24 ordutan egon gaitezke Parlamentu barruan». Hala ere, probokazioetan ez zirela eroriko eta sektore atzerakoienei ez dietela argudio hutsalik emango adierazi zuten. Era berean, «harridura» azaldu zuten goizeko lehen ordutik «ezohiko polizia presentzia» egon zelako. «Ez dugu ulertzen 11:00etara arte ez badugu gure ekimen publikoki iragarri, nola den posible Foruzaingoak aldez aurretik bertaratu behar genuenaren berri izatea, eta ekiteko prest agertzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.