Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Hego Euskal Herrian egon diren emaitzak ikusita, Aralarrek adierazi du «[Espainiako] Estatuarekin konfrontazio demokratikoari ekiteko unea» dela. Hala, bake prozesua «bukaeraraino» eramatearen eta Euskal Herriaren «aitortza eta eskubideen defentsan» lan egitearen alde agertu dira Dani Maeztu Aralarreko koordinatzaileordea eta Rebeka Ubera antolakuntza idazkaria.
Amaiurrek emaitza «bikainak» lortu ditu, Maezturen iritziz, eta adierazi du herritarrek «saritu» egin dutela ezkerreko subiranisten indar metaketa. Horregatik, esan du koalizio abertzaleak Espainiako erakundeetan «ardurarekin» jokatuko duela, Amaiur «herritarren beharrei erantzuten dien tresna eraginkorra» izan dadin.
Aldaketa soziopolitiko sakona berretsi dute bozetako emaitzek, Aralarreko kidearen ustez. Ezkerreko indar subiranistek «kualitatiboki zein kuantitatiboki» gora egin dutela azaldu du: «Abertzaleok alderdi espainolistei partida irabazi diegu». Lau bloketan bereizi ditu Maeztuk Hego Euskal Herriko indar politikoak: «Abertzaleak alde batetik, eta espainolistak bestetik. Eta bai batean eta bai bestean ezkerra eta eskuina. Baita Nafarroan ere».
Amaiur osatzen duten lau indar politikoak Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeetan ere elkarrekin aurkeztearen alde agertu da Ubera. Aralar sortu zenetik alderdiaren asmoa «ezker zabala eta askotarikoa» osatzea dela azaldu du. Haren ustez, «betetzen ari dira» hori lortzeko baldintzak.
Barne hausturarik ez
Uberak bat egin du Patxi Zabaleta alderdiko koordinatzaile orokorrak El Correo egunkariak atzo argitaratutako elkarrizketan esandakoarekin. Amaiurrekin aurkeztu edo ez alderdiak aztertu beharko duen arren, horren alde agertu da. Aralarren mezua urtzeko «beldurrik» ez duela adierazi du, eta ezker abertzalea eta Aralar «goizago baino beranduago» elkartu egin daitezkeela iradoki du. Elkartze horrek izen berri bat izango lukeela aurreratu du Zabaletak: «Ez Batasuna, ez Sortu, ez Aralar. Hori izan da beti gure asmoa».
Aralarreko burua oso kritikoa izan da Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Geroa Bairen alde bozkatzea eskatu duten alderdikideekin. Gehiengoaren erabakiak onartu beharko lituzketela adierazi du, eta bi aukera eman dizkie Aralarren eroso ez badaude: «Alderditik atera, edo gehiengoak erabaki duenari kontra ez egitea».
Alde horretatik, Aintzane Ezenarro «leialtasunez» aritu dela esan du. Parlamentari gipuzkoarrak ez du Amaiurren aldeko kanpainarik egin, baina Zabaletak nabarmendu du «aurkako kanpainarik» ez duela egin. Aralarren barnean bat ez etortzeak egon diren arren, baztertu egin du «barne hausturak» sortzea.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Bozen ondorena
Aralar: «Unea da konfrontazio demokratikorako»
Abertzaleek alderdi espainolistei «irabazi» dietela eta ezkerreko subiranistak indartu egin direla uste dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu